Lagun Onakek bana berdindu du denboraldiko lehen partida

Ihintza Elustondo 2021ko ira. 5a, 08:56
Lagun Onaken eta Pasaiaren arteko neurketako irudi bat.

Lagun Onakeko gizonek 1-1 berdindu dute Pasaiaren aurka, etxetik kanpo. Erdozia izan da goleatzailea, eta Denis Larrañaga 17 urteko gazteak debuta egin du.

Lagun Onak futbol klubaren Espainiako Hirugarren Mailako taldeak ligako lehen neurketa jokatu zuen atzo, larunbata, Pasaiaren aurka. Azpeitiko taldeak etxetik kanpo neurtu zituen indarrak, eta ezin izan zituzten hiru puntu poltxikoratu; izan ere, bana berdindu zuten partida.

Pasaia hobeto sartu zen partidan. Nabaria zen futbol zelaia hobeto ezagutzen zutela; zelai  artifiziala da, nahiko txikia... Nahiz eta Lagun Onakek lehen zatian korner ugari atera, ez zuen aukera garbirik sortu, eta Pasaiak kontraeraso on bat aprobetxatu zuen baloia atera bidaltzeko. Atsedenaldira 1-0 galtzen iritsi zen, beraz, Azpeitiko taldea.

Bigarren zatia hasi eta berehala sartu zuen Lagun Onakek berdinketaren gola. Xabi Geretaren erdiraketa on baten bidez, Jagoba Erdoziak buruz aurkarien sareetara jaurti zuen baloia. Momentu batean nahiko ondo aritu zen Lagun Onak, aurkariak baino hobeto, baina gero berriro Pasaia nagusitu zen zelaian. Arrisku dezente sortu zuen Lagun Onakek, falta batean sekulako aukera ere izan zuen, baina ezin izan zuten garaipenaren gola sartu.

Puntu bat poltxikoratuta ekin dio, beraz, Lagun Onaken gizonen talde nagusiak sasoi berriari. Aipatzekoa da Denis Larrañaga 17 urteko gazteak debutatu zuela atzokoan, eta oso txukun aritu zela.