Otaegi, Irazabal, Etxeberria eta Amade sailkatu dira pentatloiaren hurrengo saiora

IV. Euskal Pentatloi Sariaren lehen kanporaketa jokatu dute gaur Azpeitiko zezen plazan. Dramek, Españak, Ardeok eta Goenatxo III.ak ez dute aurrera egin. Datorren larunbatean jokatuko dute hurrengo kanporaketa gaurko lau sailkatuek eta beste zortzi kirolarik.

Euskal Pentatloi Sariaren laugarren edizioari ekin diote gaur Azpeitiko zezen plazan. Hain zuzen ere, txapelketa horren lehen kanporaketa jokatu dute zortzi kirolarik. Iazko edizioan zortzigarren postutik atzera gelditu zirenak eta aurten izena eman duten berriak lehiatu dira: Joseba Otaegi, Beñat Amade, Ousmane Drame, Daniel España, Aritz Irazabal, Unai Ardeo, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Gorka Etxeberria. Zortzikote horretatik lau denbora onenak egin dituztenek lortu dute bigarren kanporaketan aritzeko txartela. Zehazki, honako hauek egin dute aurrera: Otaegik, Irazabalek, Etxeberriak eta Amadek. Eta, beraz, txapelketatik kanpo gelditu dira gainontzeko lau lehiakideak.

Aurrera egitea lortu duten lau kirolariek datorren larunbatean, hilaren 11n, zain izango dituzte Gabirondo, Peñagarikano, Errazkin, Kañamares, Izeta VI.a, Jagoba Otaegi, Mugertza eta Zelai V.a; bigarren kanporaketan lehiatuko diren hamabi kirolariek hilaren 25eko finaleko sei postuak izango dituzte jokoan. Gaurko kanporaketa amaitzean, hurrengo saioan ariko diren hamabi lehiakideek argazkia atera dute –Kepa Peñagarikano falta zen–.

Saio bakoitzean lan desberdinak

IV. Euskal Pentatloi Sariaren hiru jardunaldietan lan neurri desberdinak izango dira. Lehen kanporaketan harriari zortzi jasoaldi egin dizkiote, giza proban plaza bat osatu dute, aizkoran kanaerdiko bat ebaki, txingekin hiru plaza egin, eta korrika kilometro bat, zezen plazari hamar itzuli emanez. Bigarren kanporaketan, berriz, giza proban, txingekin eta korrika lehen kanporaketako lan berberak izango dituzte kirolariek, baina harria hamar aldiz altxatu beharko dute, eta aizkoran bi enbor moztu, kanaerdikoa bata eta 45 ontzakoa bestea. Finalera iristen direnek izango dituzte aurrean lanik gogorrenak: harria 25 aldiz jaso beharko dute, giza proban bi plaza osatu, aizkoran hiru kanaerdiko ebaki, txingekin sei plaza osatu, eta korrika plazari 30 itzuli eman. Finalaren egunean emakumeak ere izango dira lehian; haiek harria hamabost aldiz jaso beharko dute, giza proban plaza bat bete, aizkoran 45 ontzako bi enbor moztu, txingekin lau plaza egin, eta korrika plazari hamabost itzuli eman.

Hurrengo kanporaketarako sarrerak salgai daude dagoeneko; interesatuek Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Tolosako (Gipuzkoa) Kantabriko tabernan eskura ditzakete.

Gaurko denborak

Hona hemen gaurko kanporaketan parte hartu duten kirolariek egin dituzten denborak:

1. Joseba Otaegi. 11:31:07.

2. Aritz Irazabal. 11:54:03.

3. Gorka Etxeberria. 13:10:80.

4. Beñat Amade. 13:18:87.

5. Jon Unanue. 13:51:14.

6. Ousmane Drame. 16:23:39.

7. Daniel España. 17:04:74.

8. Unai Ardeo. 19:21:11.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide