Bidaia marka berria ezarri dute abuztuan Burdinbidearen Euskal Museoko tren historikoek

Andoni Elduaien 2021ko ira. 3a, 16:02
Tren historikoetako bat, Lasaoko geltokian. (Argazkia: Euskotren)

Aurtengo bidaia kopurua duela bi urte baino ia %5 altuagoa izan da. Zehazki, aurten 3.000 pertsona baino gehiago igo dira museoko trenen batera. Aste honetatatik aurrera, gainera, ordutegi berria izango du Burdinbidearen Euskal Museoak.

Euskotrenen Burdinbidearen Euskal Museoko tren historikoek bidaiarien marka berria ezarri dute abuztuan. Joan den hilean, 66 bidaia egin zituzten, eta 3.086 lagun igo ziren museoko trenetara. Asistentzia "aurreikuspen guztiak" gainditu ditu aurten Burdinbidearen Euskal Museoak, bisitari kopurua 2019an baino %4,8 handiagoa izan baita. Urte hartan izan zuen museoak historiako kopururik handiena. Lurrunezko trenek atoian eramandako trenetan bidaiatu dute 2.140 lagunek, eta 946k, berriz, diesel bidezko trenetan.

Hain zuzen, diesel trenen denboraldia irailean amaituko da, baina nahi dutenek asteburuetan lurrunezko trenean bidaiatzen jarraitu ahal izango dute. Diesel trenak hiru irteera egingo ditu astebururo azarora bitartean; bi larunbatetan (12:00etan eta 17:30ean) eta bat igandetan (12:00etan). Lurrunezko trenak, ohi bezala, tren museoa eta Lasaoko geltokia lotzen dituen 4,5 kilometroak egingo ditu.

Ordutegi aldaketa

Museoaren instalazioak irekitzeko ordutegia aldatu egin dute. Aste honetatik aurrera, asteartetik ostiralera 10:00etatik 13:30era, eta 15:00etatik 18:30era egongo da irekita. Larunbatetan, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era bitartean zabalduko dute. Igande eta jaiegunetan, aldiz, 10:30etik 14:00etara irekiko dituzte museoko ateak.

Tren historikoetan egiten diren bidaia guztiak egokitu egin dituzte aurten, COVID-19ren hedapena saihesteko osasun neurriak betetzeko. Hala, edukiera %50era mugatu dute gutxieneko segurtasun distantzia bermatzeko, eta horregatik, hasiera batean aurreikusitako zirkulazioak bikoiztu behar izan dituzte.