Kalean da 'Amarena', Zelanda musika taldearen aurkezpen abestia

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 3a, 14:00

Ane eta Iñaki Bastida musikari azpeitiarrek Fran Uriasekin batera martxan jarri duten proiektua da Zelanda. Gaur goizean argitaratu dute lehen abestia: Amarena.

Ane eta Iñaki Bastida anai-arreba azpeitiarrek proiektu berria dute eskuartean: Zelanda. Fran Uriasekin hirukoa osatuta, abuztuaren erdi aldera eta sare sozialen bidez iragarri zuten musika taldearen sorrera. Eta hain zuzen ere, gaur goizean kaleratu dute aurkezpen abestia, bideoklip eta guzti: Amarena. Pop-rock estiloko kantari Uriasek jarri dio ahotsa, eta harenak dira gitarra doinuak ere; Anek baxuak jotzen du eta Iñakik bateria. Estreinatu berri duten abestia Zestoako Gaztain estudioetan grabatu dute, Eñaut Gaztañagaren esanetara, eta ez da bakarra. Datozen asteetan joango dira erakusten hango lanaren emaitzak.

Eskuartean dutena proiektua berria izan arren, hiru kideetako inor ez da berria musikaren munduan. Besteak beste, Anek urte luzez jardun du Lauroba eta Hesian taldeetan, eta Iñaki Egurra ta Kitto taldeko bateria jotzailea ere bada. Urias ere aspaldi hasi zen musikagintzan, eta azken urteotan, Anerekin batera, Hesian taldean aritu da, iragan urtarrilean hamabost urteko ibilbideari bukaera ematea erabaki zutenera arte.