IV. Euskal Pentatloia, txapeldun berriaren bila

Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 2a, 20:47
Aurtengo banakako Euskal Pentatloian parte hartuko duten kirolarietako batzuk zezen plazan izan dira gaur, aurkezpenerako. (Mailo Oiarzabal)

Gaur aurkeztu dute hiru jardunaldi izango dituen aurtengo lehia: etzi jokatuko dute lehen kanporaketa, hilaren 11n bigarrena, eta 25ean finala; lehen aldiz, emakumeen lehia ere izango da finalean. Guztira hemeretzi kirolarik parte hartuko dute Azpeitiko zezen plazan egingo diren hiru saioetan, hamasei gizonek eta hiru emakumek. Kepa Peñagarikano bigarren kanporaketan lehiatuko da.

Herri kirolen erakusleiho bihurtuko da datozen asteetan Azpeitiko zezen plaza. Aurreko hiru urteetan bezala, bertan jokatuko durte aurten ere banakako Euskal Pentatloi Saria, eta gaur aurkeztu dituzte antolatzaileek laugarren edizioaren xehetasunak, zezen plazan bertan.

Hasteko, jakina da txapeldun berria izango duela pentatloiaren gizonen lehiak. Izan ere, aurreko hiru aldietan irabazi duen Xabier Zalduak ez du parte hartuko laugarrengoan. Hamasei kirolari lehiatuko dira Zalduaren lekukoa nork beteko: Joseba Otaegi, Beñat Amade, Ousman Drame, Daniel España, Aritz Irazabal, Unai Ardeo, Jon Unanue Goenatxo III.a, Gorka Etxeberria, Julen Gabirondo, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin, Julen Kañamares, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Jagoba Otaegi, Aratz Mugertza eta Jon Gisasola Zelai V.a. Mikel Agirrek ere emana zuen izena, baina azkenean ezingo du parte hartu. Bestetik, aurten lehen aldiz, emakumeen txapela ere banatuko du Euskal Pentatloiak: Garazi Arruti, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Lucia Orbe dira emakumeen lehen txapelaren bila ariko direnak.

Bi kanporaketa eta finala

Emakumeen lehia finalaren egunera mugatuko da, irailaren 25era, alegia. Egun horretan, 22:00etan hasiko da herri kirolen ikuskizuna Azpeitiko zezen plazan. Gizonei dagokienez, ordea, sei kirolari besterik ez dira lehiatuko finalean, eta horien izenak erabakitzeko kanporaketak egingo dituzte lehendabizi. Aurreko urteetan kanporaketa bakarra izan bada, aurten bi izango dira, biak 18:00etan hasita, lehendabizikoa larunbat honetan eta bestea hilaren 11n.

Iazko edizioan zortzigarren postutik atzera gelditu zirenak eta aurten izena eman duten berriak lehiatuko dira zapatu honetan lehen kanporaketan; Joseba Otaegi, Amade, Drame, España, Irazabal, Ardeo, Goenatxo III.a eta Etxeberria dira horiek. Zortzikote horretatik lau denbora onenak egiten dituztenek lortuko dute bigarren kanporaketan aritzeko txartela. Han, hilaren 11an, Gabirondo, Peñagarikano, Errazkin, Kañamares, Izeta VI.a, Jagoba Otaegi, Mugertza eta Zelai V.a izango dituzte zain; bigarren kanporaketan lehiatuko diren hamabi kirolariek hilaren 25eko finaleko sei postuak izango dituzte jokoan.

IV. Euskal Pentatloiaren hiru jardunaldietan lan neurri desberdinak izango dira. Horrela, lehen kanporaketan harriari zortzi jasoaldi egin beharko dizkiote, giza proban plaza bat osatu, aizkoran kanaerdiko bat ebaki, txingekin hiru plaza egin, eta korrrika kilometro bat, zezen plazari hamar itzuli emanez. Bigarren kanporaketan, giza proban, txingekin eta korrika lehen kanporaketako lan berberak izango dituzte kirolariek, baina harria hamar aldiz altxatu beharko dute, eta aizkoran bi enbor moztu, kanaerdikoa bata eta 45 ontzakoa bestea. Finalera iristen direnek izango dituzte aurrean lanik gogorrenak: harria 25 aldiz jaso beharko dute, giza proban bi plaza osatu, aizkoran hiru kanaerdiko ebaki, txingekin sei plaza osatu, eta korrika plazari 30 itzuli eman. Emakumeen finalean, berriz, harria hamabost aldiz jaso beharko dute, giza proban plaza bat bete, aizkoran 45 ontzako bi enbor moztu, txingekin lau plaza egin, eta korrika plazari hamabost itzuli eman.

Sarrerak aurrez jarri dituzte salgai, Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Tolosako (Gipuzkoa) Kantabriko tabernan. Pandemiaren aurkako neurriak direla eta, ikusleek iazko protokolo bera jarraitu beharko dutela zehaztu dute antolatzaileek: sarreran datuak hartuko dizkiete, musukoak jantzita egon beharko dira, eta aforo mugak zorrotz betetzeko erabil daitezkeen eserlekuak markatuta jarrituko dituzte harmailetan.

Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol zinegotzia eta pentatloiaren antolatzaileak, kirolariak atzean dituztela, gaurko aurkezpenean. (M. Oiarzabal)

Peñagarikano, aizkorarekin borrokan

Gizonen banakako IV. Euskal Pentatloian etxeko kirolari bakarra ariko da lehian, Kepa Peñagarikano.

Bigarren aldiz jokatuko du aurten Peñagarikanok (Azpeitia, 1981) Euskal Pentatloi Saria, eta aizkorako probarekin arduratuta dagoela adierazi du. Bigarren kanporaketan lehiatuko da azpeitiarra, eta bitarte horretan “gogor” entrenatzen jarraituko duela azpimarratu du:

“Kristoren itxaropenik ere ez dut aurtengo pentatloirako. Gogor ari naiz entrenatzen, baina aspaldi honetan gaizki nabil aizkoran, eta arduratuta nago proba horrekin; gainera, aizkora da pentatloian denbora markatzeko ariketa gakoa. Ekainean hasi zen Binakako Pentatloi Saria, eta orduan ere ez nintzen ondo aritu aizkorarekin; ordutik, hobekuntzarik ez dudala egin iruditzen zait.

Gainontzeko probak dominatuta ditut, eta ondo moldatzen naiz horietan; beti izan da nire ahulgunea aizkora, eta horrek konfiantza falta eragiten dit. Hasiera-hasieratik harriarekin moldatu izan naiz ondoen, eta txingetan ere ondo aritzen naiz; korrikakoa, berriz, azken proba izan ohi denez, pentatloiaren amaierara nola iristen zaren da gakoa, eta askotan sufritu egin behar izaten da lasterka.

Aurten, Xabier Zaldua eta Xabier Orbegozo Arria V.a falta dira pentatloian, baina Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a sailkatu da, eta indartsu dator. Bestalde, Joseba Otaegi ere egongo da aurten, eta hark bigarren egin zuen duela bi urte. Bi horiek eta Gabirondo aurkari gogorrak izango dira. Kezkatuta nago, baina ea emaitza ona lortzeko aukera dudan”.