Eskuragarri daude abendura bitartean izango diren Kulturazen emanaldietarako sarrerak

Anartz Izagirre 2021ko ira. 2a, 09:00
Chill Mafia taldearen irudi bat.

Kulturazek salgai jarri ditu dagoeneko abendura bitartean Soreasu antzokian eta Sanagustin kulturgunean izango diren emanaldietarako sarrerak. Hainbat musikari entzutetsu igoko dira agertokira datozen hilabeteetan; besteak beste, Olatz Salvador eta Chill Mafia.

Datozen asteetan eta hilabeteetan hainbat kontzertu eta bestelako emanaldi izango dira Sanagustin kulturgunean zein Soreasu antzokian, eta eskuragarri daude jada emanaldi gehienetarako txartelak, Kulturazen webgunean.

Asteburu honetan izango diren bi emanaldiez gain —Habi eta Etxekalteren kontzertua zein Gattiuren emanaldia—, kultur agenda betea izango da urte amaierara bitartean. Irailaren 11n, esaterako, Viva Belgrado taldea igoko da Sanagustineko eszenatokira —bertan behera gelditu zen uztailean eman behar zuten kontzertua—, baina dagoeneko ez da gonbidapenik gelditzen. Irailaren 12an, berriz, 0 eta 4 urte bitarteko haurrei zuzenduriko Izadi, el lagarto baila ikuskizuna eskainiko dute Soreasun, eta salgai daude ekitaldi horretarako sarrerak, honako lotura honetan.

Irailaren erdialdetik aurrera, berriz, hainbat kontzertu izango dira, eta horien artean Euskal Herrian azkenaldian ospea irabazi duten taldeak izango dira. Irailaren 25ean Hegazkin eta Braulio taldeek eskainiko dute kontzertua Arkupehotsak egitasmoaren edizio berriaren barruan, baina oraindik ez dute sarrerak eskuratzeko aukerarik ezarri. Irailaren 26an, berriz, Arah taldeak Bazen behin izeneko ganbera-musika emanaldia eskainiko du —sarrerak, hemen—. Urrirako, berriz, momentuz bi emanaldi daude iragarrita; alde batetik, Olatz Salvadorrek kontzertua eskainiko du urriaren 16an, Soreasu antzokian, eta, bestetik, Potx eta Lotx pailazoen ikuskizuna izango da urriaren 24an, leku berean. Lotura honetan eskura daitezke Salvadorren kontzerturako sarrerak, eta honako honetan pailazoen ikuskizunerakoak.

Azaroan, bestalde, aurten ezagun bilakatu den Iruñerriko Chill Mafia taldea igoko da Sanagustineko agertokira, azaroaren 12an, eta txartelak lotura honetan eros daitezke. Kulturazek azarorako duela hilabete batzuk iragarri zuen beste kontzertua Kerobia taldearena da, baina dagoeneko agortuta daude emanaldi horretarako sarrerak.