Oihana Orbegozo: "Esperientzia positiboa eta oso aberasgarria izan da Plazaz Plaza txapelketa"

Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 1a, 17:26
Laia Salsamendi eta Oihana Orbegozo (eskubian), Plaza Plazaren finalean lortutako txapelekin. (Utzitakoa)

Beste txapel bat eraman du etxera Oihana Orgebozo pilotariak, Plazaz Plaza txapelketaren lehen edizioa irabazita. Azken garaipenak "ilusio berezia" eragin diola dio, bera parte den Ados Pilota klub berriak antolatutako txapelketa izan delako eta, aspaldiko partez, ikuslez inguratutako jokatzeko aukera izan duelako. Emakume pilotarien klub berria lehen pausoak ematen ari da eta Orbegozo gustura dago orain artean egindakoaren emaitzekin, eta aurrera begira dituzten asmoei aurre egiteko gogotsu ere bai.

Alde nabarmenarekin (22-12) gainditu zenituzten finalean Aldaregia eta Ruiz de Larramendi. Nola sentitu zinen zeu partidan?

Bai, tanteoari erreparatuta nahiko erraz irabazi genuela ematen du, baina partida borrokatua izan zen bukaerara arte, tantoak gure aldera erori arren. Neuk ez nuen hasiera ona izan, lehen tantoetan huts dezente egin nituen; aurkariak, aldiz, ondo sartu ziren partidan, eta 6 eta 1 alde egin ziguten. Hortik aurrera seguruago jokatzen hasi nintzen, tantoak pilatzen joan ginen eta, batik bat, azpimarratzekoa izan zen Laiak [Salsamendi] egin zuen lana. Egundoko partida jokatu zuen, bere jokoa erakutsiz, eta uste dut hor egon zela gakoa.

Ekainean hasi zineten jokatzen Plaza Plaza txapelketaren lehen edizio hori. Nolakoa izan da zuen ibilbidea txapelketan?

Launa bikoteko bi taldetan banatutako ligaxka bat jokatu genuen aurrena, eta ligaxka horretan bikote bakoitzak hiru neurketa jokatu behar zituen. Multzo bakoitzeko lehen sailkatuek zuzenean lortzen zituzten finalaurrekoak jokatzeko txartelak, eta taldeko azkenak txapelketatik kanpora gelditzen ziren. Guk ligaxkako hiru partidak irabazi genituen eta zuzenean sailkatu ginen finalaurrekoak jokatzeko. Finalaren aurreko astean jokatu genuen gure finalaurrekoa, Olatz Arrizabalagaren eta Ane Mendibururen kontra.

Ados Pilota klub sortu berriak antolatutako lehen txapelketa izan da Plaza Plaza hau. Zer balorazio egiten duzu txapelketaz? Zer moduzko esperientzia izan da?

Esperientzia positiboa eta oso aberasgarria izan da txapelketa. Plazaz plaza ibili gara hainbat herritan, eta partidak plazetan jokatzea berezia izan da jendearen ikuspegitik ere. Pandemiaren kontua dela-eta horrela egitea erosogoa izateaz gain, hori zen helburua finean, herriko plazetan gure partiden bueltan ikusleak elkartzea, erakustea guk ere egiten dugula pilotan. Gainera, gure partiden aurretik herri bakoitzeko edo inguruko pilota eskoletan aritzen diren neskek ere izan dute plazan jokatzeko aukera. Jendearen erantzuna oso ona izan da, ikusle asko inguratu dira partidak ikustera, eta partiden ondoren horietako batzuekin hitz egin eta gustura egon direla entzutea polita izan da baita. Aspaldian ikuslerik gabe jokatzen ibili eta gero, polita izan da jendearen berotasuna berriro sumatzea.

Besteak beste, txapelketa gehiago jokatzeko eta pilotarien lan baldintzak hobetzeko sortu duzue Ados Pilota. Zer urrats egin behar dituzue bide horretan, zure ustez?

Hasi gara urratsak egiten. Pilotarion aseguruak, geure txapelketen antolakuntza eta klubaren kudeaketa kontuak martxan ditugu dagoeneko. Ikasturte berriarekin, berriz, kirol prestakuntzari dagokionez aurreratu genituenak ere martxan jarriko ditugu. Lantalde polita osatu dugula uste dut, txapelketa oso ondo joan da eta ea aurrerantzean ere horrelaxe jarraitzen dugun.

Beste txapelketarik ba al duzue esku artean?

Momentuz, uda bukaera bitartean jaialdiak jokatuko ditugu han eta hemen, hainbat herritan. Udazkenean, berriz, beste txapelketa bat etorriko da, baina oraindik guztiz lotu gabe dauzkagu horren ingurukoak.

Prestakuntza aldetik berrikuntzak aipatu dituzu ikasturte berrirako. Zeuri nola eragingo dizute?

Azkenaldian Latasan (Nafarroan) elkartzen garen taldetxoarekin ari naiz entrenatzen, baina geure artean moldatu izan gara orain arte. Aurrerantzean, ordea, pilotari profesionalak izandako batzuen laguntza izango dugu entrenamenduak-eta prestatzeko, eta horiez gain prestatzaile fisiko bat ere izango dugu, Aritz Altadill. Nire kasuan, laneko txandak direla medio, bi astean behin daukat taldeko entrenamenduetara joateko aukera. Saioetara joateko modurik ez dudanetan, prestatzaileak emandako jarraibideekin neure kasa moldatu beharko. Dena den, iruditzen zait aldaketa antzemango dugula eta beste era bateko prestakuntza izango dugula.

Aldaketa horiek motibazio berezia al dira zuretzat? Pandemia tarteko pilota uztekotan egon zinen iaz...

Gauzak aldatu egin dira, bai. Ilusio handiarekin gaude denok Ados Pilotan, eta inguruan talde polita dagoenean, errazagoa da beti ere aurrera egitea. Ados Pilotaren proiektuarekin aurrera egiteko asmoari eusten diogu, eta gustatuko litzaiguke pilotari gazteek ere gurekin bat egitea. Neska gazte askok 13-14 urterekin utzi egiten dute esku pilota, ez dutelako aurrerabiderik ikusten. Egoera horretan dauden neskak gonbidatuko nituzke gurekin harremanetan jartzera, jakin dezaten aurrera segitzeko aukera bat badutela.