Errezil errekan zaborrei "legez kanpo" su eman dietela salatu du Eguzkik

Maialen Etxaniz 2021ko ira. 1a, 15:00

Eguzki talde ekologistak jakinarazi duenez, GI-631 Zumaia-Zumarraga errepideko zubiaren azpian ari dira suteak egiten. Eguzkik azpimarratu du zaborrak ibaira isurtzea "debekatuta" dagoela eta zaborrak aire zabalean inolako kontrolik gabe erretzea "arau-hauste oso larritzat tipifikatuta" dagoela. Udaltzaingoan sartu du salaketa Eguzkik, eta udalari lekua kontrolatzeko eskatu dio. 

Eguzki talde ekologistak salatu du Errezil errekan zaborrei "legez kanpo" su eman dietela. Talde ekologistaren arabera, GI-631 Zumaia-Zumarraga errepideko zubiaren azpian –Amuko zubiaren inguruan– ari dira suteak egiten. Eremu horretan aurrez zaborrak bildu izan dituztela azaldu du Eguzkik, baina oraingoan zaborrak "legez kanpo" erre izan dituztela jakinarazi du. "Jaiegunetan, zubian sartu gabe inguruan buelta bat eman duen edonor ohartuko zan eremu horretan ohikoa dela hondakin ugari lurrean botata ikustea. Aspalditik ezagutzen dugu inguru hori, eta ez da lehen aldia zaborrak biltzen ditugula, baita errekara isuritakoak ere. Orain, ordea, zubiaren azpian suteak izan direla nabaria da", azaldu du taldeak ohar bidez.

Sutearen eta horren ondorioen inguruko xehetasunak ere azaldu ditu: "Hainbat metroko diametroa duen kedarrak lurra belztu izanak suteak egon direla baieztatzen zuen. Egiaztatu ahal izan dugu suteak ez direla iraganaren parte, baizik eta errepikatu egin direla leku berean konpresio-keen hondarrak –koltxoietan sartzen dituztena–, metalezko latak eta dozenaka metro alanbre erabat erreta aurkitu ditugulako. Hori ez ezik, plastikozko gomak, palet zatiak eta arropak ere aurkitu izan ditugu partzialki erreta". .

Eguzkik azpimarratu du zaborrak ibaira isurtzea "debekatuta" dagoela eta zaborrak aire zabalean inolako kontrolik gabe erretzea "arau-hauste oso larritzat tipifikatuta" dagoela. Udaltzaingoan sartu du salaketa Eguzkik, eta udalari lekua kontrolatzeko eskatu dio: "Joan den abuztuaren 29an Eguzkik salaketa jarri zuen Udaltzaingoan. Azpeitiko Udalari ingurua kontrolatzeko ere eskatu diogu, eta legez kanpoko jarduera horiek eta ingurumenaren aurkako erasoek jarraitzen badute, sarrera debekatzeko".