"Ilusioz" ekingo dio Lagun Onaken gizonen talde nagusiak denboraldi berriari, zapatuan

Anartz Izagirre 2021ko abu. 31a, 18:40
Lagun Onaken eta Pasaiaren arteko denboraldi aurreko partidako irudi bat. (Ihintza Elustondo)

Pasaia izango du aurkari Ander Avellanedaren taldeak, etxetik kanpo jokatuko duen 2021-2022 denboraldiko lehen partidan. "Txapelketa gogorra" aurreikusten duela nabarmendu du entrenatzaileak, baina "ilusioz" ekingo diotela datozen norgehiagokei. Taldeak eraldatuta ekingo dio, gainera, denboraldiari, zazpi fitxaketa izan baitira.

Joan zen asteburuan denboraldi aurreko partidak amaitu ostean, 2021-2022 denboraldiari ekiteko prest dago Lagun Onak futbol taldeko gizonezkoen talde nagusia. Espainiako Hirugarren Mailan jokatuko du aurten ere Azpeitiko taldeak, eta Ander Avellanedak zuzenduko du. Hark adierazi duenez, "erronka polita" izango da aurtengoa Lagun Onakentzat, eta "ilusioz" ekingo diote norgehiagokei. Lehen partida etxetik kanpo jokatuko du taldeak, eta Pasaia izango du aurkari, larunbatean, 17:00etan hasita.

Denboraldi aurreko partidekin "gustura" gelditu direla azpimarratu du Avellanedak, sei partidetatik bakarra galdu dutelako, eta beste guztiak irabazi edo berdindu egin dituztelako. Aurtengo liga, berriz, "gogorra" aurreikusten du entrenatzaileak: "Espainiako Hirugarren Maila oso kategoria potentea da, eta talde indartsuak daude bertan. Aurten hala tokatu da; izan ere, Bigarren B mailatik Hirugarren Mailara talde garrantzitsuak jaitsi dira: Portugalete, Alaves B, Barakaldo eta Leioa. Beraz, multzoa gogortu egin da". Joan zen urtean, COVID-19ak eragindako pandemia zela-eta aldatu egin zuten partida sistema, baina aurten ohiko moduan eta multzo bakarrean jokatuko dituzte partidak Hirugarren Mailako taldeek.

2021-2022 denboraldiko helburu nagusia "egunerokotasuna lantzea" dela azaldu du Avellanedak: "Astero-astero ondo entrenatzea da gure helburu nagusia, eta giro onean lan eginez, umiltasunarekin eta ilusioarekin, joango gara emaitzak ikusten. Hortik aurrera, urtarrilean eta otsailean ikusiko dugu zein momentutan gauden, eta beste helburu batzuk jarriko ditugu orduan". Bestalde, fitxaketa berriekin ere gustura agertu da entrenatzailea, "esperientziadun futbolariak" batu direlako Lagun Onakera. Guztira, zazpi fitxaketa izan dira aurten: Ignacio Otaño, Josu Ibarbia, Ander Zubillaga, Gorka Luariz, Jon Aranda, Manex Iradi eta Pablo del Pozo. Bajak ere izan dira: Joanes, Jakes, Gibert, Erik eta Realak utzitako Eneko jokalaria.

Partidak, publikoarekin

2020-2021 denboraldiko partidetan ez bezala, aurtengoan publikoa egongo da harmailetan, eta "aldaketa handia" izango dela nabarmendu du Avellanedak: "Futbolean dagoen gauzarik politena publikoarekin jokatzea da, eta pena bat da Lagun Onak eta Anaitasunaren aurkako partida bat publikorik gabe jokatzea. Aurten, derbi horietaz disfrutatzea espero dugu".