Jexux Zelaiak bigarren postua eskuratu du Vega de Paseko mendiko lasterketan, 50 urtetik gorakoen kategorian

Anartz Izagirre 2021ko abu. 30a, 18:43
Jexux Zelaia Vega de Paseko probaren sailkapenean —eskuinean—. (Utzitakoa)

58 minutu eta hamar segundo behar izan zituen azpeitiarrak proba amaitzeko. Irailaren 26an Igoera Bertikaleko Espainiako Kopako azken proba jokatuko du Zelaiak Canfrancen (Aragoi, Espainia), eta han erabakiko da sailkapen orokorra.

Igoera Bertikalen Espainiako Kopako hirugarren proba izan zen atzo, igandea, Vega de Pasen (Kantabria, Espainia), eta Lagun Onak MBko Jexux Zelaiak bigarren postua erdietsi zuen bertan, 50 urtetik gorakoen kategorian. Ibilbidean zehar, Castro Valnerara (1.685 metro) igo ziren, eta 513 metroko altueratik abiatu ziren parte-hartzaileak. Guztira, 3,8 kilometroko ibilbidea egin zuten, eta azpeitiarrak 58 minutu eta hamar segundo behar izan zituen proba amaitzeko; hain zuzen ere, maila horretan lasterketa irabazi zuen Angel de la Encarnacion baino zazpi segundo geroago amaitu zuen azpeitiarrak.

Zelaiak adierazi duenez, "gustura" gelditu da Vega de Pasen egindako denborarekin; izan ere, De la Ecarnacion da Igoera Bertikalen Espainiako Kopako sailkapen nagusian lehen postuan doan kirolaria. Kopako probak amaitzeko azken norgehiagoka soilik falta da, eta irailaren 26an izango da Canfrancen (Aragoi, Espainia). Azpeitiarrak parte hartuko du proba horretan, eta hor erabakiko da sailkapen orokorra ere. "Azken proba horrek %20 gehiago puntuatzen duenez, hor erabakiko da kopako sailkapena. Tarragonan hirugarren, Sierra Nevadan bosgarren eta atzo bigarren egin ondoren, Espainiako Kopan hirugarren egiteko aukera hor dagoenez, bertan parte hartzeko asmoa daukat. Azken hilabete honetan entrenamenduekin jarraituko dut, sasoi puntu hobea lortzeko ahal izanez gero", azaldu du Zelaiak.