Koronabirusa Azpeitian

Positibotasun tasak zein kasu kopuruak behera egin dute Hego Euskal Herrian

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 29a, 15:28

Bezperan baino 204 kasu positibo gutxiago detektatu zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Positibotasun tasa ere hiru puntu jaitsi da.

COVID-19aren bosgarren olatua aldentzen hasia dela dirudi. Hala atzeman daiteke azken orduetan izandako positiboen beherakadari so eginez, behintzat. 335 kasu positibo eman ziren atzo Hego Euskal Herrian egindako 5.308 antigenoen eta PCR probetan. Bezperan baino 204 kasu gutxiago detektatu zituzten atzo Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek. Positibotasun tasa ere jaitsi da ostiralean izandako datuekin alderatuta: ostiraleko %9,6ko positibotasun tasatik %6,3ra pasa da egun batetik bestera. 

Lurraldeei dagokionez, Araban 43 kasu atzeman zituzten atzo, 144 Bizkaian, 86 Gipuzkoan eta 54 Nafarroan. Lau lurralde hauetatik kanpoko zortzi lagunek ere positibo eman zuten atzo. 

Ospitaleen egoerari dagokionez, beste 35 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan. Zaintza Intentsibotako Unitateetan, berriz, 71 pertsona zeuden atzo. Nafarroan, aldiz, gaixo bat ingresatu zuten atzo ZIUetan; gaur gaurkoz 25 lagun daude Nafarroako ospitaletako unitate hauetan.

Herriz herri izandako datuen berri bihar emango du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.