Koronabirusa Azpeitian

Bi kasu berrirekin, koska bat beherago dago Azpeitiko intzidentzia tasa

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 26a, 13:41

315,37 da gaur-gaurkoz 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako herriko intzidentzia tasa, eta gertuago du eremu horia. Bestalde, Hego Euskal Herrian, guztira, 633 positibo izan ziren atzo.

Asteazkenean egindako PCR eta antigeno proben emaitzen berri eman du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Horien arabera, beste hamabost kasu positibo izan ziren atzo Urola Kostan; asteartean izandako kasuekin alderatuta sei kasu gutxiago dira. Azpeitian bi kasu berri zenbatu dituzte, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 315,37an kokatu da; beraz, beheraka jarraitzen du tasak, eta gero eta gertuago du eremu horia.

Bestalde, eskualdeko kasuetatik ia herena, lau positibo, Zumaian eman dira. Kasuen igoera horrek ez du eraginik izan herriaren 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasan; 356,16ko tasa du Zumaiak, eta eremu laranjan jarraitzen du. Horrez gain, Azkoitian eta Zestoan eman ziren atzo, Zumaiaren atzetik, kasu gehien: hiruna positibo zenbatu zituzten bi herri hauetan. Tasa metatua Azkoitian 158,56koa da, eta eremu horian jarraitzen du. Zestoan, berriz, 564,97ko intzidentzia tasa dute. Bestalde, kasu bana izan da Aian, Aizarnazabalen eta Zarautzen. Beizaman, Errezilen, Getarian eta Orion ez zuten positiborik aurkitu atzoko probetan.

Hego Euskal Herriari dagokionez, 633 positibo zenbatu zituzten atzo. Bezperan baino 103 kasu gutxiago dira. Araban 73 kasu detektatu zituzten atzo, 289 Bizkaian, 163 Gipuzkoan eta 94 Nafarroan. Lau lurralde hauetatik kanpoko beste hamalau lagunek ere positibo eman zuten atzoko probetan.

Ospitaleratuei dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 229 lagun zeuden atzo ospitaleratuta; beste 76 lagun –bezperan baino bi gutxiago– zeuden Osakidetzako erietxeetako Zaintza Intentsibotako Unitateetan. Nafarroan, berriz, 94 pertsona zeuden ospitaleratuta, horietako 27 ZIUn.