Koronabirusa Azpeitian

Zortzi kasu hauteman dituzte Azpeitian, baina behera egin du intzidentzia tasak

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 25a, 13:30

Gaur-gaurkoz 335,09 da Azpeitiko tasa metatua. Hego Euskal Herrian, bestalde, jaisten jarraitzen du ospitaleetako presioak.

Egun batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago, baina ez dago egunik kasu positiborik gabe. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian emandako datuen arabera, beste 21 kasu positibo izan ziren atzo Urola Kostan. Azpeitian izan dira oraingo honetan kasu gehien, zortzi guztira. Hala ere, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasa metatuak beheranzko joerarekin jarraitzen du herrian: 335,09 puntuko intzidentzia tasa du gaur gaurkoz Azpeitiak, bezperan zuena baino 26 puntu gutxiago. 

Azpeitiaren atzetik, Azkoitian, Getarian eta Zarautzen izan zituzten atzo kasu gehien: hiruna herri bakoitzean. Azkoitian 158,56ko intzidentzia tasa dute, 304,11ko Zarautzen eta 671,38koa Getarian. Orion, berriz, bi kasu izan zituzten atzo, eta kasu metatuen tasa 244,62koa dute herrian. 

Egun batez gorriz jantzita egon ondoren berriro eremu laranjara itzuli dena Zumaia da. Atzo kasu positibo bat zenbatu zuten kostaldeko herrian. Intzidentzia tasak, berriz, 51 puntu egin zuen behera, eta 356,16 puntuan kokatu da. Zestoan ere kasu bat detektatu zuten atzo egindako probetan, eta 513,61 puntuko tasa du gaur gaurkoz. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zuten atzo kasu berririk izan.

Hego Euskal Herriari dagokionez, 737 positibo atzeman zituzten atzoko probetan. Araban 105 kasu izan ziren, 321 Bizkaian, 201 Gipuzkoan eta 94 Nafarroan. 

Osakidetzak azaldu duenez, atzo beste 39 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako  ospitaleetan –238 lagun daude ospitaleratuta guztira–. Zaintza Intentsibotako Unitateetan, berriz, 78 zauden atzo ingresatuta. Bezperan baino lagun bat gutxiago da.