Koronabirusa Azpeitian

Gero eta gertuago du Azpeitiak eremu laranja

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 23a, 13:32

Ostiraletik igandera bitartean hiru kasu soilik atzeman ditu Osasun Sailak herrian, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 413,93an kokatu da. Hego Euskal Herrian, bestalde, gora egiten jarraitzen du ospitaleratutako gaixoen kopuruak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu ostiraletik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta eskualdean, guztira, 27 kasu detektatu dituzte. Azpeitiaren kasuan, hiru kasu soilik atzeman dituzte —duela astebete hamalau zenbatu zituzten—, eta beraz, jaitsi egin da 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa. Gaur-gaurkoz, 413,93 puntuko tasa du Azpeitiak, eta oso gertu du eremu laranja. Egun, eremu gorrian mantentzen den eskualdeko herri bakarra da Azpeitia.

Bestalde, Urola Kostan positibo gehien Zarautzen atzeman dituzte. Hamabi kasu atzeman dituzte kostaldeko herri horretan hiru egun hauetan: sei ostiralean, lau larunbatean eta bi igandean. Hala ere, intzidentzia tasak behera egin du epe honetan Zarautzen, ostegunean zuen 351,22 puntutik 325,52ra, eta eremu laranjan jarraitzen du herriak. 

Laranja kolorera pasa den beste herria Zumaia da. Ostegunean 529,15 puntuko tasa metatua zuen, eta hiru eguneko epean 130 puntu jaitsi da. Gaur gaurkoz, 396,87 puntuko intzidentzia tasa deu Zumaiak. Positiboei dagokionez, hiru eguneko epean lau kasu berri izan dira, laurak ere larunbatean. 

5.000 biztanletik gora eskualdean dauden beste bi herriak, Orio eta Azkoitia, eremu horian daude. Azkoitian bi kasu izan dira asteburuan –bana larunbatean eta igandean–, eta tasa metatua 150,21ekoa da; Orion, berriz, kasu bakarra izan dute, larunbatean, eta tasa 228,31koa du egunotan. Eskualdean beste hiru herritan izan dira positiboak: Zestoan eta Errezilen bina, eta bat Getarian.

Hego Euskal Herriari dagokionez, 450 kasu izan ziren atzo, egindako 4.922 probatan. %8,9ko positibotasun tasa izan zen atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %10,4koa Nafarroan. Araban 50 kasu izan ziren, 200 Bizkaian, 106 Gipuzkoan eta 87 Nafarroan. Beste lurralde batzuetako zazpi lagunek ere positibo eman zuten atzo. 

Ospitaleratuei dagokionez, gora egin du Osakidetzako Zaintza Intentsibotako Unitateetan ingresatutako lagunek: 82 lagun daude gaur gaurkoz ZIUetan. Nafarroan, berriz, 31 lagun daude unitate hauetan.