Sarrerak agortuta itzuli dira zaleak zezen plazara

Julene Frantzesena 2021ko abu. 22a, 09:53

Espainiako Nobilladen Ligaren barruko Iparraldeko Nobilladen Zirkuituko lehen saioa egin zen atzo Azpeitian. 800 bat lagun izan ziren zezen plazan, eta Diego San Roman nobilleroa nagusitu zen. Zekorketa hasi aurretik, zezenketen kontrako elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek zezen plazaren atarian.

Bi urteko etenaren ostean, zezenzaleek zita izan zuten atzo Azpeitiko zezen plazan; izan ere, azken bi urteetan, COVID-19aren pandemia tarteko, Azpeitiko Zezenzale Batzordeak ez du zezenketarik antolatu. Atzo, baina, zekorketa bat izan zen bertan –hamabost urte ziren Azpeitian halakorik egin ez zela–. Hain zuzen ere, Espainiako Nobilladen Ligaren barruko Iparraldeko Nobilladen Zirkuituko lehen saioa egin zen 18:00etan hasita.

Zezen plazaren atarian jende ugari elkartu zen saioa hasi aurretik. Ordurako jarrita zegoen sarrerak agortuta zeudela zioen kartela; zehazki, 800 lagun inguru sartu ziren barrura, edukiera mugak uzten duen adina. Ohiko legez, zekorketa hasi aurretik, hainbat lagunek zezenketen eta animalien aurkako tratu txarren kontrako elkarretaratzea egin zuten zezen plazaren aurrean, eta bertan izan ziren Ertzaintza eta Udaltzaingoa.

Zalduendo ganadutegiko sei zekor atera zituzten atzo plazara, eta horiek toreatzeaz arduratu ziren Diego San Roman, Jorge Martinez eta Segiro Rodriguez nobilleroak. San Roman izan zen nagusi, belarri bat ebakita.