Koronabirusa Azpeitian

Beste zazpi positibo atzeman dituzte azken orduetan

Aritz Mutiozabal 2021ko abu. 20a, 14:05

Azken zazpi egunetan 29 lagunek eman dute positibo herrian, eta datu horiek tarteko, eremu gorrian jarraitzen du Azpeitiak. Dena den, herenegungo zenbatekoarekin alderatuta, behera egin du intzidentzia tasak. Positibotasun tasa %11,2koa da gaur-gaurkoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %9,4koa Nafarroan. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu dituen datuen arabera, atzo zazpi positibo zenbatu zituzten Azpeitian. Azken zazpi egunetan 29 lagunek eman dute positibo herrian, eta datu horiek tarteko, eremu gorrian jarraitzen du Azpeitiak. Dena den, herenegungo zenbatekoarekin alderatuta, behera egin du intzidentzia tasak: 643,89 zen atzo, eta 689,88 herenegun.

Urola Kostan, berriz, hemezortzi kasu atzeman ditu Osakidetzak. Herenegun zenbatutako kasuekin alderatuta ia bikoiztu egin da kopurua, hamar positibo izan baitziren asteazkenean, eta horrek, nolabait esateko, azkenaldian zeraman beheranzko joera eten du. Batez ere, bi herri handitan zenbatu dituzte kasu gehien: Azpeitiko zazpi kasuez gain, Zumaian bost atzeman dituzte. Edonola ere, Azpeitiko tasak bezalaxe, Zumaiakoak ere behera egin du: 529,15 da hango intzidentzia tasa. Bi herri horiek dira gaur-gaurkoz eremu gorrian dauden Urola Kostako bakarrak. 

Gainerakoan, bina kasu positibo baieztatu dituzte Getarian eta Zarautzen, eta bana Azkoitian eta Orion. Eremu gorritik laranjara igaro da berriki Zarautz, eta 351,22ra jaitsi da hango tasa. Azkoitiak –200,28 puntu– eta Oriok –244,62 puntu– eremu horian jarraitzen dute. Herri txikietan, berriz, ez da gorabeherik izan: Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez da kasurik egon azken orduetan.

Positiboak behera

Hego Euskal Herrian, guztira, 7.008 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzokoan, eta horietan 746k eman zuten positibo. Lurraldekako datuei erreparatuta, Bizkaian zenbatu zuten kasurik gehien (325), eta gero, Gipuzkoan (171), Nafarroan (137) eta Araban (110). Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste hamahiru kasu hauteman zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren herritarren artean. Positibotasun tasa %11,2koa da gaur-gaurkoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %9,4koa Nafarroan. 

Une honetan, 237 lagun daude gaitzak jota Osakidetzaren mendeko erietxeetan, atzo baino lau gutxiago. Zaintza Intentsiboen Unitateetan, berriz, 77 lagun daude, atzo baino bat gutxiago. Nafarroan, berriz, 97 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 26 ZIUn.