Koronabirusa Azpeitian

Positibo bakarra atzeman du Osakidetzak azken orduetan herrian

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 19a, 13:18

Positiboen kopuruak behera egin du azken orduetan herrian, baita Gipuzkoan ere. Azpeitiak eremu gorrian jarraitzen du, 689,88ko intzidentzia tasarekin. Urola Kostan hamar kasu zenbatu ditu Osakidetzak. Ospitaleratuen kopuruak behera egin du, baina igo egin da ZIUetan erietxeratutakoen zenbatekoa.

Izurritearen bosgarren olatua baretze bidean dela dirudi. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian emandako datuen arabera, hamar kasu izan ziren atzo eskualdean; bezperan baino zazpi kasu gutxiago eta astelehenean baino hamabi kasu gutxiago. Urola Kostako bost herritan detektatu dituzte hamar kasu horiek: lau Zarautzen, bina Zumaian eta Orion, eta bana Azpeitian eta Zestoan. Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zituzten atzo kasu positiborik izan, datu hauen arabera.

100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak ere beherantz egin du eskualdeko herrietan. Gaur-gaurkoz bi herri daude eremu gorrian: Azpeitia 689,88ko tasarekin eta Zumaia 600,39 puntuko tasarekin; herenegundik, Azpeitian 50 puntu jaitsi da tasa, eta 30 puntu Zumaian. Eremu gorritik laranjara igaro da, aldiz, Zarautz da; gaur-gaurkoz, 398,34 puntuko tasa du, asteartean baino 25 puntu gutxiago. Azkoitiak –216,97 puntu– eta Oriok –244,62– eremu horian jarraitzen dute. 

Positiboak beherantz Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian ere jaitsi egin da positiboen kopurua. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 702 positibo izan ziren atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako 7.268 probatan. Hiru lurralde horietako positibotasun tasa %9,7koa zen atzo. Araban 119 positibo zenbatu zituzten, 414 Bizkaian eta 153 Gipuzkoan. Hiru lurralde horietatik kanpoko beste hamasei lagunek ere positibo eman zuten atzo. Nafarroan, berriz, 1.661 PCR eta antigeno proba egin eta 147 positibo zenbatu zituzten. Datu horiek tarteko, %8,9 da positibotasun tasa lurralde horretan.

Gorantz egin duena Zaintza Intentsiboko Unitateetan dauden lagunen kopurua da. 78 lagun zeuden atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetako ZIUetan, bezperan baino hiru gehiago. Atzo, orotara, 34 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzako erietxeetan, eta 241 lagun daude ospitaleratuta hiru lurralde hauetako erietxeetan. Nafarroan, berriz, 101 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 27 ZIUn.