Koronabirusa Azpeitian

Intzidentzia tasak nabarmen egin du behera herrian

Julene Frantzesena 2021ko abu. 18a, 13:09

Atzo hiru positibo atzeman zuen Osakidetzak herrian, eta kasu kopurua jaistearekin, nabarmen egin du behera intzidentzia tasak, nahiz eta oraindik eremu gorrian jarraitzen duen Azpeitiak: 749,01 da tasa egun. Urola Kostan hamazazpi positibo zenbatu zituzten atzo. Hego Euskal Herriko ospitaleratu kopuruak behera egin badu ere, herenegun baino pertsona gehiago daude ZIUetan. Labiren batzorde teknikoak orain arteko neurriei eustea erabaki du.

Hiru positibo zenbatu ditu Osakidetzak azken orduetan herrian, baina hala ere, intzidentzia tasak nabarmen egin du behera herrian: 749,01 da tasa orain, eta 821,29 zen atzo. Dena den, intzidentzia tasa hobetzen ari bada ere, eremu gorrian jarraitzen du herriak.

Osakidetzak hamazazpi positibo zenbatu ditu azken orduetan Urola Kostan, bezperan baino bost gutxiago. Azpeitiko hiru kasuez gain, Zarautzen eta Zumaian launa kasu detektatu ditu Osasun Sailak, Orion eta Zestoan bina eta Azkoitian eta Getarian bana.

Datuok tarteko, Azpeitiaz gain, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko bi herrik jarraitzen dute eremu gorrian: Zarautzek eta Zumaiak. Zarautz eremu gorritik ateratzeko zorian da 424,04 tasarekin, eta Zumaiako tasa 630,91 da. Azkoitia –gaur atera da eremu laranjatik– eta Orio eremu horian dira, 275,39 eta 260,93 tasekin, hurrenez hurren.

Positibotasun tasak gora

Hego Euskal Herrian, orotara, 8.978 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, eta horietan 900 lagunek eman zuten positibo. Lurraldekako datuei erreparatuta, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien: 374. Gipuzkoan, berriz, 207 positibo detektatu zituzten, Nafarroan 152 eta Araban 152. Gainera, lurralde horietatik kanpo bizi diren hamabost lagunek ere eman zuten positibo atzo gauzatutako probetan. Datuok tarteko, gora egin du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasak; izan ere, %10,2 da orain –herenegun %9,4 zen–. Nafarroan, berriz, %9,4 –herenegun %9 zen– da adierazle hori.

Ospitaleratutako pertsona kopurua aintzat hartuta, datuek hobera egin dute. Dena den, ZIUetan herenegun baino lagun gehiago daude ospitaleratuta. Zehazki, 256 lagun daude erietxeratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –bezperan baino 27 gutxiago–; horietatik 75 ZIUn –herenegun baino bi gehiago–. Nafarroan, berriz, 104 lagun –herenegun baino bat gutxiago– daude ospitaleratuta COVID-19a tarteko, eta horietatik 27 daude ZIUn –herenegun baino bi gehiago–.

Neurriak bere horretan

Gaur goizean bildu da Labiren batzorde teknikoa, Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun Sailburua buru zirela. Bilkuraren osteko agerraldian Sagarduik jakinarazi du uztailaren 14an 874 zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, eta 507,43koa dela gaur. "Ondo goaz, baina ez gaude ondo", gaineratu du. Izan ere, arlo asistentziala ere kontuan hartu beharreko esparrua da agintarientzat neurriak arindu ala ez erabakitzeko orduan, eta beraz, orain artean ezarritako neurriei eutsiko diete gutxienez beste astebetez. Bestalde, Sagardui herritarrei zuzendu zaie: "Ez da festak ospatzeko momentua, ez Bilbon, ez Donostian".