Mirari Uria: "Urte hauetan garapen bat izan dut, nahiz eta oraindik ere baditudan hobetzeko gauzak"

Julene Frantzesena 2021ko abu. 21a, 11:00
Mirari Uria Realeko jokalaria.

Txikitatik baloiari lotuta bizi da Mirari Uria (Azpeitia, 2003). Saskibaloian hasi zuen kirol ibilbidea, baina berehala jabetu zen futbola atsegin zuela. Lagun Onaken hasitako bidea Realean urratu du, eta datorren denboraldian, lehen taldearekin ariko da prestaketa lanetan. Bigarren taldeko fitxa izango du, baina bi taldeekin aritzeko aukera. Sasoi berriari ekiteko gogotsu dago, eta ikasten jarraitzea du xede.

Noiz iritsi zinen Realera?

Lehenengo aldiz 12 bat urterekin deitu zidaten, Mirandara torneo bat jokatzera joateko. Gero bi urtez jarraian Andorrara joan nintzen Realarekin, eta gero, taldea osatzeko entrenamenduak egiten hasi ziren; ni ere joan nintzen. Egun batean Lagun Onakeko entrenatzaile bat etorri zen nigana Realak hautatu egin ninduela esanez.

Beste bi azpeitiar ere taldean izan dituzu urteotan...

Bai, Elene Viles eta Haizea Uranga. Izugarria izan zen hori niretzat; babesa izan dira. Elene ez nuen hainbeste ezagutzen, ni baino bi urte zaharragoa delako. Haizea, berriz, txiki-txikitatik ezagutzen dut. Hasierako egunetan haiek han egotea aldea izan zen, nahiz eta gerora taldekideak ezagutu eta lagun egiten dituzun.

Zuek izan zineten Realeko emakumeen bigarren taldeko lehen jokalariak. Zer balorazio egiten duzu urte hauez?

Talde berria duela hiru denboraldi eratu zuten, eta orduz geroztik, talde horretan aritu naiz. Ikasteko urteak izan dira; asko ikasi dudala uste dut. Inguruan dituzun jokalariek maila oso ona dute, eta asko ikasi ahal izan dut. Jokatzeko moduari dagokionez, garapen bat izan dut,  nahiz eta oraindik ere baditudan hobetzeko gauzak. Reto Iberdrola ligara [Emakumeen Bigarren Maila] igotzea genuen xede joan zen denboraldian, baina ez genuen lortu. Gol gehiago sartzea ere nahi nuen, 2019-2020 denboraldian ez banituen aukerak aprobetxatu. Joan zen denboraldian, berriz, gol gehiago sartu nituen eta aukerak baliatu izanaren sentipena daukat.

Orain lehen taldearekin ariko zara. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Lehen taldearekin aritzeko aukera izan dezaket, baina bigarren taldeko fitxa daukat oraindik ere. Dena den, entrenamendu guztiak lehen taldearekin egingo ditut. Beharraren arabera, lehen taldearekin edo bigarrenarekin jokatuko dut. Horregatik egin didate bigarren mailako fitxa, bi taldeetan jokatzeko aukera izan dezadan.

Gustura al zaude?

Bai. Lehen taldearen eta bigarrenaren artean salto handia dago mailari dagokionez; erritmoa, kalitatea... Beraz, lehen taldearekin entrenatuta hobetzeko aukera izango dut. Asko ikasiko dudala uste dut. Realera iristea txikitatik nuen ametsa zen, eta lehen taldera iristea ja... Oraindik asko daukat ikasteko, baina oso gustura nago.

2019an egin zenuen debuta lehen taldearekin. Nola oroitzen duzu egun hura?

Ez nuen inondik inora jokatzerik espero. Aste guztia lehen taldearekin aritu nintzen entrenatzen, eta Athleticen aurkako partida baino egun bat lehenago esan zidaten deialdian sartu nindutela. Hori ja ez sinestekoa zen niretzat. Anoetara iritsi ginen, zelaian sartu eta izugarrizko inpresioa egin zidan. Gainera, bozgorailutik esan zuten 28.000 zale zeudela. Kontua da hilabete lehenago egoera horrekin amets egin nuela. Berotzeko esan zidan entrenatzaileak, eta alboan, partida ikusten ari ziren kuadrillako batzuk nituela oroitzen dut. Dena den, berotzera atera izanagatik, posible da berriz ere aulkira joan behar izatea. "Mirari, Mirari", entzun nuen bat-batean, eta aulkian esertzera joan nintzen. Taldekide batek esan zidan, baina, zelaira irten behar nuela. Ezin nuen sinetsi: zaleak txaloka eta oihuka ari ziren, baina nik ez nuen ezer entzuten. Ez nuen espero debuta Anoetan eta egoera horretan egitea. Txarrena izan zen partida ezin izan genuela irabazi!

Harrezkero, lehen taldearekin egin dituzu denboraldi-aurreak eta joan zara hainbat partidatara.

Bai. Denboraldi hartan beste partida batzuk jokatu nituen, hala nola Tenerifen, Sevillan eta Zubietan. Joan zen denboraldian, berriz, bukaera aldean izan nuen pare bat neurketa jokatzeko aukera. Oso gustura aritu naiz; izan ere, ni pertsona oso itxia naiz, eta taldekideek asko lagundu didate irekitzen. Oraindik gogoan dut lehen taldearekin entrenamenduak egiten hasi nintzen sasoia: argal-argala nintzen, eta taldean sekulako jokalariak zeuden; besteak beste, Nahikari, Mariasun... Hala esaten nion neure buruari: "Hauekin entrenatu behar al dut nik?".

Zer helburu jarri diozu zure buruari denboraldi berriari begira?

Oraindik ez dut xede finko bat jarri, baina pertsonalki gehiago haztea nahiko nuke. Lehen taldeak duen erritmora ohitzea nahi dut; izan ere, aurreko denboraldian egun batean edo bitan entrenatzen nuen talde nagusiarekin, baina aurten egunero haiekin ariko naiz. Denboraldi-aurrean astean bost egunez ari gara prestatzen, eta denboraldia hastean lau egunetan entrenatuko dugu. Bestalde, indartzea nahi dut, muskuluak landu nahi ditut. Izan ere, lehen mailako jokalariek izugarrizko indarra dute. Askotan jokoari ematen diogu garrantzia, baina oso-oso garrantzitsua da muskuluak indartzea.

Zer suposatzen dizu hainbesteko konpromisoa hartu beharrak?

Denbora asko eskaini behar zaio futbolari. Oraintsu amaitu dut Batxillergoa, eta astean bitan edo, eskolan huts egiten nuen entrenatzera joateko. Eskolan egiten ez nuena etxean egin behar izaten nuen. Aurten hasiko naiz Fisioterapia gradua egiten Deustuko Unibertsitatean, Donostian, eta gustura nago printzipioz entrenamenduak goizez izango direlako eta arratsaldeetan izango ditudalako eskolak. Bestalde, COVID-19aren pandemia tarteko, kontuz ibili beharra daukagu. Lagunekin ateratzeko beldurra sentitu dut, astero-astero antigeno probak egiten dizkigutelako Zubietan. Lehen taldean aritzeko asko zaindu behar da.

Denboraldiari ekiteko gogoz al zaude?

Bai, desiratzen nago. Ez dakit lehen taldean edo bigarrengoan jokatuko dudan, baina estimatzen dut Realak bi taldeetan jokatzeko aukera eman izana. Izan ere, lehen taldeko fitxa egin izan balidate, ez jokatzeko aukera erreala izango zatekeen. Eta entrenamenduak eginagatik, partidarik ez jokatuta erritmoa galdu egiten duzu. Oso-oso gustura nago Realean.

Ba al duzu futbolari erreferenterik?

Sekula ez dut erreferente jakinik izan, baina beti aurrelariekin fijatu izan naiz. Asko gustatzen zaizkit, adibidez, Bartzelonako Alexia Putellas eta Jenifer Hermoso. Horiek duten erraztasuna... Realean, berriz, Nahikari izan da nire erreferentea. Gainera, nire postu berean jokatzen du, eta beti pentsatu izan dut hark bezala jokatzea nahiko nukeela. Gainera, asko gustatzen zait Irene Paredesek egin duen ibilbidea; izugarrizko jokalaria da. Lau jokalarien nahasketa bat izan nahiko nuke.