Koronabirusa Azpeitian

Eremu gorrian jarraitzen du Azpeitiak

Julene Frantzesena 2021ko abu. 16a, 13:13

Hamalau positibo zenbatu ditu Osakidetzak asteburuan herrian, eta zifra hori tarteko, zertxobait gora egin du intzidentzia tasak Azpeitian. Ostiralean bezalaxe, eremu gorrian jarraitzen du herriak. Eskualdean, orotara, 53 kasu atzeman dituzte. Hego Euskal Herrian, berriz, behera egin du positibotasun tasak. Ospitaleetako egoerak okerrera egin du asteburuan.

Azpeitian hamalau positibo zenbatu ditu Osakidetzak ostiraletik atzora bitartean. Kasu kopuru hori tarteko, intzidentzia tasak zertxobait egin du gora, baina oso gutxi. Zehazki, 834,43 da herriko intzidentzia tasa gaur-gaurkoz, eta beraz, eremu gorrian jarraitzen du Azpeitiak, 500eko langa gaindituta duelako.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, asko jaitsi da aurreko asteaz geroztik eskualdean atzeman dituzten positiboen kopurua. Azken hiru egunetan 53 kasu zenbatu dituzte, eta aurreko astean 87 izan ziren. Orokorrean, beraz, apaltzen jarraitzen dute egunez egun atzematen dituzten kasu berriek. Horren erakusle da Azkoitia eremu laranjara igaro dela, eta Orio horira. Une honetan, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrien artean, Azpeitia, Zarautz eta Zumaia dira eremu gorrian daudenak.

Intzidentzia tasek beherantz egin dute herri guztietan, Azpeitian izan ezik. Asteburuan koronabirus kasu gehien Zarautzen zenbatu dituzte: hemeretzi. Dena den, jaitsi egin da herri horretako intzidentzia tasa. Zumaian zazpi kasu hauteman dituzte azken egunetan, Zestoan bost, Getarian hiru, Aizarnazabalen bi eta Orion bakarra. Aian, Beizaman eta Errezilen ez dute koronabirus kasu berririk zenbatu asteburuan.

ZIUetako ospitaleratuak, gora

Azken asteburuak aspaldiko daturik baikorrenak laga ditu positibotasun tasari dagokionez. Hego Euskal Herrian 6.111 proba diagnostiko egin zituzten guztira atzo, igandea, eta horietan 641 lagunek eman zuten positibo. Positibotasun tasa %10,8koa izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %9koa Nafarroan. Lurraldeka, 293 kasu zenbatu zituzten Bizkaian, 150 Gipuzkoan, 97 Nafarroan eta 85 Araban.

Dena den, ospitaleetako datuek okerrera egin dute asteburuan. Une honetan 281 eri daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan (ostiralean baino 24 gehiago), eta horietatik 72 dira ZIUetan daudenak (ostiralean baino 11 gehiago). Nafarroan, berriz, 98 pertsona daude ospitaleratuta, eta 27 dira ZIUetan daudenak.