Mikel Larrañagak irabazi du Urrezko Aizkolarien Kopa

Julene Frantzesena 2021ko abu. 15a, 21:26
Mikel Larrañaga gaur irabazi duen koparekin. (Ibon Errazu)

Donostiako Trinitate plazan jokatu dute lehiaren XXXVI. edizioa bost aizkolarik. Azpeitiarrak 31 minutu eta 29 segundo behar izan ditu 54 ontzako hamalau enbor ebakitzeko, bigarren sailkatu den Iker Vicentek baino 44 segundo gutxiago. 

Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak irabazi du gaur, igandea, Donostiako Trinitate plazan jokatu den Urrezko Aizkolarien Kopa. Bost aizkolari aritu dira nor baino nor, eta Larrañagak eskuratu du lehiaren XXXVI. edizioaren kopa. Hark 31 minutu eta 29 segundo behar izan ditu 54 ontzako hamalau enbor ebakitzeko, bigarren sailkatu den Iker Vicentek baino 44 segundo gutxiago. Hirugarren, berriz, Eneko Otaño beizamarra izan da (36:05) eta laugarren Aitzol Atutxa (38:21). Bosgarren postuan sailkatu da Jon Rekondo, lanak 41 minutu eta 40 segundotan bukatuta.

Gaurko garaipenarekin, azken bi urteetako arantza kentzeko aukera izan du Larrañagak; izan ere, 2019an eta 2020an Iker Vicente izan zen nagusi Urrezko Aizkolarien Kopako lehietan, eta azpeitiarra bigarren sailkatu zen bietan ala bietan.

Erlazionatuak