Koronabirusa Azpeitian

Positibo kopuruak nabarmen egin du behera, baita egindako proba kopuruak ere

Julene Frantzesena 2021ko abu. 15a, 12:48

Atzo 712 positibo zenbatu zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak –herenegun baino 257 gutxiago– Hego Euskal Herrian, baina gauzatutako PCR eta antigeno probak ere herenegun baino gutxiago izan dira: 6.231. Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %11tik gorakoa da, eta ospitaleetako egoerak ez du hobera egin.

Nabarmen egin dute behera azken orduetan Hego Euskal Herrian atzemandako koronabirus kasuek; izan ere, atzo 712 positibo zenbatu zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak –herenegun baino 257 gutxiago–. Dena den, azken orduetan gauzatutako PCR eta antigeno probak ere gutxiago izan dira: 6.231, zehazki. Datu horiek tarteko, Hego Euskal Herriko positibotasun tasa ez da %11tik jaitsi: %11,4 da gaur-gaurkoz.

Lurraldez lurralde honako hauek dira datuak: Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien, 326; Gipuzkoan, 149; Nafarroan 131; eta Araban, 98. Gainera, lurralde horietatik kanpo bizi diren beste zortzi lagunek ere eman zuten positibo atzo gauzatutako probetan.

Ospitaleetako egoerak okerrera egin du. Hain zuzen ere, atzo, bezperan bezala, 41 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta ZIUn 61 lagun daude gaur-gaurkoz. Nafarroako ospitaleetan, berriz, 95 lagun daude koronabirusa tarteko, eta horietatik 25 daude ZIUetan.