Bihar jarriko dituzte salgai zekorketarako sarrerak

Julene Frantzesena 2021ko abu. 17a, 12:15
Azpeitiko zezen plaza.

Larunbatean, abuztuaren 21ean, izango da Iparraldeko Nobilladen Zirkuituaren barruko zekorketa Azpeitiko zezen plazan. Hantxe salduko dituzte sarrerak bihar, etzi eta etzidamu arratsaldez, eta zapatuan goizez nahiz arratsaldez. Askotariko prezioak jarri dizkiete sarrerei, kokapenaren arabera.

Zapatuan, abuztuaren 21a, Iparraldeko Nobilladen Zirkuituaren barruko zekorketa izango da Azpeitiko zezen plazan (18:00etan), eta bihar, asteazkena hasiko dira harako sarrerak saltzen. Zezen plazan salduko dituzte sarrerak bihar, etzi eta etzidamu, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Zekorketaren egunean ere eskuratu ahal izango dira sarrerak, goizez nahiz arratsaldez: 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 18:00etara.

Askotariko prezioak ezarri dizkiete sarrerei, kokapenaren arabera. Zekorketa palkoan eta itzaletan ikusi nahi duenak 25 euro ordaindu beharko du. Barreratik, kontrabarreratik eta tendidoko lehen ilaratik ikusteko, berriz, 22 euro ordaindu beharko da. Barrerako sarrera hogei euroren trukean eskuratu ahal izango da; itzaletan den tendido zatikoa hemezortzi euro; kontrabarrerakoa eta tendidokoa hemezazpi euro; eta kontabarrerakoa eta eguzkitan den tendido zatikoa hamabost euro.

Zalduendo ganadutegiko sei zekor aterako dituzte Azpeitiko zezen plazara, eta horiek toreatzeaz arduratuko dira Diego San Roman, Jorge Martinez eta Sergio Rodriguez nobilleroak. Jorge Martinezek Andaluziako Nobilladen Zirkuitua irabazi berri du eta Rodriguez bigarren sailkatu da Gaztela Leongo zirkuituan. Diego San Romanek, aldiz, Azpeitiko hitzorduarekin debuta egingo du Espainiako Nobilladen Ligan.