Koronabirusa Azpeitian

Hamabi positibo atzeman dituzte azken orduetan herrian

Maria Maya 2021ko abu. 11a, 12:57

Eskualdeko herrien artean Azpeitia intzidentzia tasak gora egin duen bakarra. Hain justu, 841 zen intzidentzia tasa atzo, eta 867,28 da gaur. Hego Euskal Herrian, orotara, 916 positibo zenbatu dituzte: intzidentzia tasak behera egin du, eta ospitaletako egoerak antzekoa izaten jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu du dagoeneko herriz herriko egoeraren berri dakarren txostena, eta emandako datuen arabera, 31 kasu hauteman dituzte azken orduetan Urola Kostako herrietan. Herenegun zenbatutako kasuen ia bikoitza da hori, hamasei positibo izan baitziren astelehenean bailarako herrietan.

Batik bat, herri handietan zenbatu dituzte kasu gehien: Azpeitian hamabi izan dira detektatutako kasuak, eta 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean, horixe da intzidentzia tasak gora egin duen bakarra. Hain justu ere, 841 zen intzidentzia tasa atzo, eta 867,28 da gaur.

Gainerako herrietan ere atzeman dituzte positiboak, dena den. Zortzi kasu Zarautzen, eta sei Zumaian. Aldiz, beste muturrean da Azkoitia. Bi kasu zenbatu zituzten atzo, baina egunez egun beheranzko joerari eusten dio intzidentzia tasak: gaur-gaurkoz, 492,36 tasarekin, gero eta gertuago du eremu gorritik ateratzeko aukera. Herri txikietan, berriz, ez dute gorabehera handirik izan koronabirusak azken orduetan: Getarian bi kasu zenbatu dituzte, eta bat Errezilen. Ez da kasu berririk izan Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Orion eta Zestoan. 

Ospitaleetako egoera bere horretan

Hego Euskal Herrian, guztira, 9.706 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 916k izan zuten emaitza positiboa. Lurraldez lurralde, Bizkaian zenbatu zuten kasurik gehien (393), eta gero, Nafarroan (229), Gipuzkoan (193) eta Araban (87). Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste hamalau kasu hauteman zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Positibotasun tasak bere horretan jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –%9,1koa da–, eta atzotik puntu bat behera egin du Nafarroan –%11,7tik %10,7ra, hain zuzen ere–. 

Ospitaleratzeei dagokienez, 282 lagun daude COVID-19ak jota Osakidetzaren mendeko erietxeetan, atzo baino hiru gehiago. Zaintza Intentsiboen Unitateetan, berriz, 67 lagun daude, atzo baino bi gutxiago. Nafarroan, berriz, 96 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 23 ZIUn.