Atzera begira

Ia ehun urteko oroigarrien etxola

Ihintza Elustondo 2021ko abu. 22a, 11:08
Oskar Juaristi, Loiolako saltokiaren atean. (Ihintza Elustondo)

Loiolako oroigarrien dendaren arduraduna da Oskar Juaristi. 30 urte daramatza lan horretan, Juan Etxezarretak duela ia mende bat irekitako familiako negozioaren sokatik. 2021eko abuztuko Uztarria aldizkarian kontatu ditu Juaristik Loiolako etxolaren historia eta bere bizipenak.

Mundu guztian ezaguna da Loiola. Bertan kokatzen den santutegia eta San Inazio tarteko ezagutzen dute leku hori gehienek, eta asko eta asko dira beren oporraldia gune hori bisitatzeko aprobetxatzen dutenak. Santutegia ikusteko, San Inazioren bizitzaz gehiago jakiteko nahiz paisaia berdeaz gozatzeko aukera ematen du Loiolak, baina gune ikusgarri horren erdian, badira erdi disimuluan dauden bi eraikin: oroigarrien etxolak. Askotan oharkabean pasatzen diren arren, urte pila bat daramatzate leku horretan, eta hainbat eta hainbat lagunek erosi dituzte opariak horietan.

Gaur-gaurkoz, itxita dago etxola horietako bat, baina besteak zabalik izan ohi ditu ateak, eguna joan eguna etorri. Han barruan egoten da Oskar Juaristi (Azpeitia, 1968), mundu osoko bisitariei oroigarririk gustukoena aukeratzen laguntzen. Egun, hura arduratzen da negozioaz, baina familiako beste kide batzuek hasi zuten saltokiaren ibilbidea. Lekukoa batak besteari pasatuz, azkenean Juaristirengana iritsi da etxolaren ardura.

Erraz esaten da, baina ia ehun urte daramatza etxolak gune horretan. "1926 inguruan zabaldu zuen denda Juan Etxezarretak, nire amonaren anaiak; Tio Juanito deitzen genion. Hark erloju denda zuen Azpeitian, eta ondoren, kioskoa zabaldu zuen Loiolan". Gizon "ekintzailea" zen hura, Juaristiren arabera. "Hura ohartu zen udan turistak ibiltzen zirela Loiolan, jendea etortzen zela santutegia ikustera, eta pentsatu zuen han egon behar zukeela dendaren batek edo; izan ere, orduan ez zegoen ezer. Hari bururatu zitzaion zerbait ipintzea, bertako gauza batzuk saltzeko eta. Baimen batzuk eskatu zituen udalean nahiz aldundian, eta pixkanaka, horrelaxe hasi zen". Juanito zahartu zenean, Juaristiren ama, Kristina Azpeitia, hasi zen dendan lanean. "Berrogeitaka urtean aritu zen han, eta gero ni sartu nintzen, soldaduska bukatu nuenean. Amarekin hasi nintzen, baina ama duela urte batzuk jubilatu zen. Nik oraindik hemen jarraitzen dut".

Esku aldaketak ez ezik, itxura aldaketak ere bizi izan ditu oroigarrien etxolak. Hasierako urteetan, egurrezkoa zen eraikina, baina denbora pasatu ahala, berritzea erabaki zuten. Zehazki, 1990-1991 urteetan eraberritu zuten, duela 30 bat urte. Juaristik ez zuen egurrezko etxolan lanik egin; izan ere, eraikina berritu zutenean ekin zion Loiolako oroigarrien dendako abenturari.

Juaristi, saltokiaren barruan. (Ihintza Elustondo)

30 urtez, "gustura"

Juaristik 30 urte daramatza Loiolako oroigarrien dendan lanean. "Eta gustura, gainera", dio. "Gustatzen zait lana; izan ere, mundu osoko jendea etorri ohi da Loiolara, eta askotariko pertsonak ezagutzeko aukera izan dut urteotan guztiotan. Asiatik, Ameriketatik, Europatik, Espainiatik, Euskal Herritik... Leku ugaritatik etorri ohi da jendea, eta oso aberasgarria da beste herrialdeetako jendea ezagutzea".

Haren arabera, bisitariei "asko" gustatzen zaie Loiola. "Esaten dute santutegia oso polita dela, eta paisaia, zer esanik ez. Jendeari asko gustatzen zaio ingurune berdea". Loiola bisitatzera etortzen direnen artean, presa gehiagorekin ibili ohi dira batzuk, eta patxada gehiagorekin besteak, Juaristik azaldu duenez. "Eta lasaiago ibili ohi diren horietako zenbaitek tarte hori oroigarrien etxolara sartu-irten bat egiteko aprobetxatu ohi dute". Haren arabera, oraindik ere badago Loiola bisitatzera etorritakoan oroigarriren bat etxera eramatea atsegin duen jendea. "Bai, bai, bestela honezkero alde egin nuen etxola honetatik", dio barrez. "Gauzak normal zihoazenean, pandemia aurretik, ondo egiten nuen lana. Bizitzeko ematen du negozioak".

Norberak bere gustuen arabera aukeratu ohi ditu opariak, eta denen gustua egiteko saiakeran, askotariko oroigarriak ditu dendan Juaristik. Gehien saltzen duena zer den galdetuta, ez da gauza bat nabarmentzeko gai. "Gauza asko saldu ohi ditut: errosarioak, dominak, hozkailuetarako imanak, San Inaziori eta santutegiari buruzko gauzak...". Erlijioarekin loturarik ez duten apaingarriak ere baditu dendan, Euskal Herriarekin edo euskal kulturarekin zerikusia dutenak: lauburuak, kamisetak, txapelak... "Egia esan, denetarik daukat".

Zortzi hilabetez, zazpi egunez

Loiolako oroigarrien denda gehienetan zabalik egoten bada ere, ez dute urteko egun guztietan irekitzen. Neguan jende gutxi ibili ohi da Loiola inguruan, eta denboraldi hori atseden hartzeko baliatu ohi du Juaristik. "Normalean, martxotik urri amaierara arte izaten dut gunea zabalik, zortzi bat hilabetez. Negua oso lasaia izaten da, eta adi egon ohi naiz, inguruan norbait baldin badabil denda zabaltzeko, baina normalean, urteko sasoi horretan ez dut irekitzen. Izan ere, agian ez nuke berogailua ordaintzeko lain ere aterako. Hori bai, zabalik izan ohi dudan zortzi hilabeteetan, egunero irekitzen dut denda, astelehenetik igandera".

Lanbide sakrifikatua da, beraz, urtean zortzi hilabetez astean zazpi egunez lan egin behar izaten duelako Juaristik. Goizez eta arratsaldez zabaldu ohi du saltokia, santutegia irekita egon ohi den ordutegian, gutxi gorabehera. Astelehenetik igandera bera egoten da lanean, hutsik egin gabe. Haren arabera, jendea ohituta dago igandeetan jai egitera, baina berak ez du horretarako aukerarik. "Dena den, jende gutxi dabilela ikusten badut, igande arratsalde batzuetan jai hartzen dut", dio. Gainera, batzuetan erreleboren bat egiten diote etxekoek. "Anaiak egin izan du lana arratsalde batez edo bestez nire ordez. Baina bestela, neu egoten naiz hemen egunero".

Egurrezko etxola bota zuten unea, duela 30 urte. (Utzitakoa)

Ordu pila bat ematen ditu Juaristik Loiolako etxolan. "Bizi osoan zenbat ordu pasatu ote ditut hemen sartuta? Mordoa", dio. Dena den, "ohituta" dago. "Urteak daramatzat udan lan egiten eta neguan lasaiago ibiltzen; horretara moldatu naiz. Eta gustatzen zait bizimodu hau; izan ere, neguan hotz egiten du, eta ni ez naiz hotz zalea. Beraz, gustura egoten naiz etxean lasai-lasai, opor batzuk ere egiten ditut... 30 urte daramatzat horrelaxe". Lanbidearen alde gaziak eta gozoak gorabehera, berea "lan polita" dela dio Juaristik.

Denbora asko pasatu behar izaten du Juaristik mostradorearen atzean, eta eguna arintzeko, hainbat gauza egin ohi du: "Batzuetan musika entzun, besteetan zerbait irakurri... Gainera, beti tokatzen da ezagunen bat pasaeran, eta harekin berriketan egin, eta... Ondo moldatzen naiz; ohituta nago, neure saltsan". Lana "lasaia" dela adierazi du, eta askotan "aspertuta" egoten dela aitortu du. "Beste batzuetan, berriz, denak batera etortzen dira... Horrelakoxea da nire lana".

Izurriak, sekulako kolpea

Lana gustuko izanagatik eta zeregin horretan urte ugari emanagatik, Juaristik "sekulako gainbehera" nabaritu du azken urte eta erdian. "Zer izan zen iazko urtea? Denda zabalik izan nuen denboraldi guztian lau autobus etorri ziren Loiolara, eta lehen, agian sei edo zortzi etortzen ziren egunero. Eta hori berriz itzultzerako... Jakin ezazu egoera hori berriro ezagutuko ote dugun ere. Orain arte oso jende gutxi ibili da; Aste Santuan ibili zen jende pixka bat, baina gero berriro agertu ziren mugak eta... Azken urte eta erdian oso gaizki gabiltza; eskariak eginda ditugu, baina horiei ezin buelta emanda ari gara... Oso eskas". Dena den, udaren iritsierarekin, nabaritu du mugimendu pixka bat, baina kezkaz begiratzen dio uda sasoiari. "Lehen autobusak munduko edozein lekutatik etortzen ziren. Aurten ez dakit etorriko diren, ez dut uste, baina beno... ahal dena egingo dugu".