Erretratua

Naroa Aranbarri: "Diruditena baino askoz gogorragoak dira mendiko bizikleta jaitsierak"

Maialen Etxaniz 2021ko ira. 8a, 09:49
Naroa Aranbarriren erretratua. (Olatz Alkorta)

Mendiko bizikleta jaitsieretan aritzen da Naroa Aranbarri. Txikitatik datorkio zaletasuna, eta kirolak sortzen dion zirrarak ez dio itzaltzen horretan jarraitzeko grina. Emakume gutxi aritzen da bizikleta jaitsieretan, baina azpeitiarra gustura sentitzen da mundu horretan. Orain, Lagun Onak BTT sortu dute Azpeitian. Aranbarrirena da Erretratua 2021eko abuztuko Uztarria aldizkarian.

Ohikoa da Naroa Aranbarri (Azpeitia, 2003) bizikleta gainean ikustea Azpeitiko kaleetan barrena. Haren bizikletari begira gelditzen dira gaztetxo asko, eta hori ere ez da arraroa, Aranbarrirena ez baita bizikleta arrunta. Mendiko bizikleta jaitsieretan aritzen da azpeitiarra, eta gaztea izanagatik, badu eskarmentua.

Umetatik datorkio bizikletarako zaletasuna Aranbarriri. "Aita txirrindularitzan aritutakoa da, eta esango nuke hari esker piztu zitzaidala bizikletan aritzeko grina", kontatu du. Hala ere, bizikletara zaletu aurretik futbolean aritzen zen, Lagun Onak taldean. Aitak mendirako zaletasuna zuenez, harekin mendira joaten zela gogoratzen du Aranbarrik. Egun batetik bestera, txirrindularitza praktikatzen hasi nahi zuela esan zion aitari, eta hark, bere esperientzian oinarrituta, txirrindularitza "oso kirol gogorra" zela eta ondo pentsatzeko esan zion. Etxean entzundakoak kontuan hartu zituen arren, aita ez zen Aranbarrik inguruan zuen bizikletazale bakarra. "Eskolan banituen mendian bizikletaz ibiltzea atsegin zuten lagunak, eta haiekin hasi nintzen mendiko jaitsieren mundura hurbiltzen eta kirol hori probatzen. Esango nuke DBH3n piztu zitzaidala bizikleta jaitsieratarako grina", gogoratu du.

Lagunartean lehen mendi jaitsierak eginda, bete-betean murgildu zen BTT munduan Aranbarri. "Gure kasa joaten ginen mendira bizikletekin, Arauntza aldera eta; gehienbat herritik gertu dauden txokoetara igotzen ginen, handik bizikletaz jaisteko. Gerora hasi nintzen lehiaketetan parte hartzen", azaldu du. Hark dioenez, prozesua "pixkanaka-pixkanaka" egin du, "kirol horren bueltan sortzen den giroak animatuta". Aranbarriren etxean "ondo" hartu zuten berria.

Babeslearen laguntza

Bizikleta jaitsieretan parte hartzeko ezinbestekoa da federatuta egotea, eta hori ere egin zuen Aranbarrik. Federatu osteko aurreneko urtean Azpeititik kanpoko talde batekin aritu zen, orduan herrian ez baitzegoen BTT elkarterik.

Hastapenez galdetuta, babeslearen garrantzia azpimarratu du gazteak. "Elkartea eta babeslea ez dira gauza bera", nabarmendu du; izan ere, orain arteko ibilbidean leku handia izan du haren babesleak. "Egun batean, mendi jaitsiera bat hasi aurretik, autora hurbildu eta sorpresa batekin egin nuen topo. Kamiseta bat zegoen han; Oiartzun Bikeko kamiseta. Ordurako nik asko miresten nuen Oiartzun Bike, eta sorpresa hura oso pozgarria izan zen niretzat".

Orduz geroztik, estuki lotuta egon dira Oiartzun Bike eta Aranbarri, eta azpeitiarrak dio, babesle horri esker ez balitz, bere ibilbidea ez litzatekeela bera izango. "Oiartzungoek ikaragarri lagundu didate. Kirol hau praktikatzeko material jakin bat behar da, eta hori gabe ez dago modu berean lehiatzerik. Mendi jaitsieretan garrantzi berezia dute bizikletak eta materialak, eta zentzu horretan, asko laguntzen didate", azaldu du. Hala ere, nabarmendu nahi izan du Oiartzun Bike ez dela izen edo marka bat soilik: "Horren atzean pertsonak daude, profesionalez osatutako taldea. Asko lagundu didaten pertsonak dira, eta haiei esker trebatu naiz mundu honetan. Bereziki, pertsona baten lana azpimarratu nahiko nuke, Manurena; nire mekanikoa dela esan daiteke. Beti egon da niri laguntzeko prest, eta haren lana ezinbestekoa izan da orain arteko ibilbidean".

Neska bakarra mutil artean

Gaur egun, oraindik orain, ez dira asko mendiko bizikleta jaitsieretara animatzen diren emakumeak, baina Aranbarrirentzat kirol horren bueltako giroa sekula ez da arrotza izan. Zaletasunak elkartu zituen Aranbarri eta gaur egun Lagun Onak BTTn aritzen diren beste hainbat gazte, eta elkar lagunduz eta elkarrekin gauza berriak egitera animatuz trebatu dira mendian. Aranbarri da Azpeitiko taldean aritzen den neska bakarra, baina argi dio: "Beti sentitu izan naiz eroso mutil artean, eta neska bakarra izatea ez da oztopoa izan. Hori bai, poz hartuko nuke beste neskaren bat kirol hau praktikatzera animatuko balitz". Hark dio bizikleta jaitsierak ez direla genero bateko edo besteko kirola, baina aitortu du "kirol arriskutsua" dela.

Txapelketetan edo lehiaketetan egiten dituzten jaitsierak hiru eta lau minutu artekoak izaten direla kontatu du gazteak, baina horietan parte hartzeko behar bezala entrenatuta egotea "ezinbestekoa" dela azpimarratu du: "Lagunek askotan zera esan izan didate: 'Tira, jaitsierak minutu bat bakarrik irauten badu, ez da horren zaila izango'. Eta hori ez da horrela. Kanpotik badirudi ez dela kirol nekeza, baina bada. Diruditena baino askoz gogorragoak dira mendiko bizikleta jaitsierak". Haren arabera, horregatik da garrantzitsua entrenatzea, baita babes materiala izatea ere.

Aranbarrik bere kasa entrenatu izan du urte hauetan zehar, etxean nahiz mendian. "Indarra, abiadura eta teknika lantzen ditugu. Elite mailako kirolariek badituzte entrenatzaile pertsonalak, baina gu geure kabuz moldatzen gara. Orain, gainera, Lagun Onak BTTko kideok astean bi-hiru entrenamendu egiten ditugu", azaldu du.

Duela gutxi jaio da Lagun Onak BTT, Azpeitiko mendi bizikleta taldea; izan ere, azken urteetan herrian indar handia hartu duen kirola da mendiko jaitsierena. Aranbarrik gogora ekarri nahi izan ditu Garmendikamp nahiz hura sustatu zuten gazteak. "Garmendikampi esker gaztetxo asko animatu da kirol hau probatzera", esan du. Gaur egun, Aranbarri ere Lagun Onak BTTko kidea da, eta "ilusioz" bizi du elkartearen sorrera. "Orain gure helburua da entrenatzea, taldea handitzea, kirola herrian errotzea eta kirolari indarra ematea", adierazi du. Etorkizunaz galdetuta, kirola praktikatzen jarraitzeko asmoa duela esan du, nahiz eta denbora luzez "desmotibatuta" egon den pandemia tarteko. "Hala ere, honetan jarraituko dut, lasterketetan parte hartzen, formatzen eta horrenbeste atsegin dudan kirolaz gozatzen".

Aranbarri, Lagun Onak BTTko lagunekin. (Utzitakoa)