Gutuna

Isun faltsua, eta Ertzaintzaren zuhurtziagabekeria eta gehiegikeriak

Imanol Oiartzabal Unanue 2021ko abu. 3a, 16:26

Imanol Oiartzabalek idatzitako gutuna da honakoa. Lekuko eske idatzi du, joan den ostegun arratsaldean Sanjuandegiko biribilgunean jazotakoa argitzen laguntzeko.

Joan den asteko ostegunean, uztailaren 29an, 19:45 aldean Sanjuandegiko biribilgunean gertatu zitzaidana azaltzea eta herritarren laguntza eskatzea nahi nuke.

"Perretxiko" deitzen diogun Francoren sasoiko eskola nazionaletako eraikineko aparkalekutik irten eta biribilgune aldera hartu nuen, Azkoiti aldera joateko.

Biribilgunea ia bertan dago eta, hurbiltzen ari nintzela, Ertzaintzaren kotxe bat sartu zen biribilgunean, Landeta aldetik etorrita, barruko erreitik. Horretan, ni, Loiola aldera joateko asmoz, eskuin erreira (kanpokora) sartu nintzen, Ertzaintzaren autoa barruko erreitik zihoala. Gutxi gorabehera bi kotxeak ia parekatuta gindoazen, beherko argazkikoak bezala (han bertan ateratako argazkia da):

(Argazkia: Imanol Oiartzabal)

Argazki horretan, demagun nire kotxea (ezkerreko kotxe beltza, kanpoko erreian) eta Ertzaintzarena (kotxe zuria, barru aldeko erreian) direla.

Bat-batean, gidatzen zihoan ertzainak, legez kanpo, zuzenenean errotondatik ateratzeko maniobra egin zuen, kanpoko erreira gurutzatzeko asmoarekin. Nik bozina jo arren, berak ere jo zuen (bazekien, beraz han nengoela) eta jarraitu zuen, ni erabat baztertuz, zuhurtziagabekerizko gidaketa eginez. Nik Sanjuadegirako irteera hartzeko asmoa izan banu, istripua izango genuen zalantzarik gabe.

(Argazkia: Imanol Oiartzabal)

Hor, goiko argazkian, ikusten da nola, berehala biribilgunetik irten gabe geldiarazi ondoren, artean Ertzaintzaren kotxearen egoerak erakusten duen zein ibilbide izan zuen; aldiz, nireak (marroi koloreko 8300 KHB matrikuladuna) kanpoko erreiko ibilbidea erakusten du.

Ertzaina, bere errua ikusita, eta gainera beti istripuak saihestu behar direnez, joan zitekeen biribilgune irteeran dagoen ezker erreira; baina ez, jarraitu zuen nik ia hesi zuriaren aurka jo arte.

Azken finean, gertatu zena da ertzainak Trafiko legearen 74. artikulua ez zuela bete. Eta gainera, gehiegikeria batekin ez izan nahiko, eta niri ipini zidaten isuna, jakinaren gainean egonda berak egin zuela gaizki maniobra.

Badakit ez dela guztiz erraza gertatu zena ulertzea, ze gidari gehienek gaizki egiten dute bi erreiko biribilguneetako irteera. Derrigorrez, kanpoko erreitik irten behar da, eta gainera, biribilguneko aurreko irteerarako errei horretan, kanpokoan alegia, egon behar da ibilgailua. Ertzaintzaren kotxearen kasuan, ezin da barruko erreira sartu (Landeta aldetik sartuta) eta Loiola hiribiderako irteera hartu, ze aurreko irteera anbulatorio alderakoa da, eta nahi eta nahi ez, Landeta aldetik sartuta kanpoko erreitik joan behar da kasu horretan.

Hori guztia gertatu ondoren Azkoitiko Ertzaintzaren egoitzara joan nintzen, bi ertzainen aurkako salaketa ipintzera. Nahiko zalaparta ibili zuten, Zarauzko agintariei deituz eta haien deiak jasoz (neure aurrean), bainan ukatu egin zidaten salaketa ipintzeko aukera. Biharamunean abokatuarekin hitz egin nuen, eta hark esan zidan berriz joateko, derrrigorrez onartu behar zutela salaketa, kontrakoa prebarikazio garbia zelako; eta ahal banuen, lekukoak bilatzeko. Eta horrela, berriro joan nintzen Ertzainetxera eta lortu nuen salaketa ezartzea, beste dei eta denbora askoren ondoren, nahiz eta saiatu zen ertzaina nire salaketa leuntzen.

Horregatik guztiagatik eskatzen dizuet Azpeiti eta Azkoiti aldean lekukoak aurkitzeko laguntza, epaitegian bukatuko baitugu gertaturikoa eta Ertzaintzaren indarkeria eta gehiegikeria argitzeko.