Aurki hasiko dituzte Esklabetan 48 etxebizitza sozial egiteko obrak

Julene Frantzesena 2021ko abu. 3a, 08:56
Etxebizitzak egingo dituzten eraikinaren aldea. (Azpeitiko Udala)

Obras y Construcciones e Instalaciones (OCISA) enpresak irabazi du lanen lehiaketa publikoa, eta 26 hilabeteko epean amaitu beharko ditu obrak.

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak esleitu ditu Esklabetako eraikinean alokairu sozialeko 48 etxebizitza eraikitzeko lanak. Orotara hamalau enpresa aurkeztu ziren lehiaketa publikora, eta Obras y Construcciones e Instalaciones (OCISA) enpresak irabazi du. Beraz, enpresa horrek egingo ditu lanak, eta aurki hasiko da egiteko horrekin. Obrak egiteko aurrekontua 5.459.603,64 eurokoa da, eta horiek 26 hilabeteko epean amaitu beharko dituzte.

Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak sinatuta dute Esklabetan alokairurako etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena. Izan ere, Esklabetako eraikina udalarena da 2013az geroztik, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu baitzuen erakundeak urte hartan. Udalak azaldu duenez, Loiolako Inazio Hiribidean dagoen Esklabetako eraikinaren zati bat eraberritzea eta erabilera publikoa eta soziala ematea da proiektuaren helburua. Alokairu sozialera bideratuko den guneak, guztira, 7.951 metro koadro ditu, eta etxebizitzak egiteaz gain, ingurua ere urbanizatuko dute.