San Inazio bigarrenez elizkizuna egin dute Loiolako basilikan

Andoni Elduaien 2021ko abu. 1a, 12:58

San Inazio bigarrenez meza izan da Loiolako basilikan, gaur, 11:00etan. Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat agintari izan dira elizkizunean, baita Azpeitiko Udaleko EAJko zinegotziak ere. Azpeitiko Udalak gogoratu du "atzo eta herenegun bezala, gaur ere ez" dela festetako ekitaldirik izango herrian.

San Inazio bigarrenez meza izan da Loiolako basilikan, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak zuzendu du elizkizuna eta hainbat apaiz eta jesuitek parte hartu dute. Jende ugari batu da gaur Loiolan meza zuzenean jarraitzeko.

Azpeitiko Udalak saninazioetako ekitaldi guztiak bertan behera utzi ditu, eta honako hau idatzi du sare sozialetan: "Atzo eta herenegun bezala, gaur ere ez da festetako ekitaldirik izango. Ez da agintariei udal korporazioak egiten dion harrerarik izango. Egitaraua bertan behera utzi dugu eragileok adostasunez, eta ez da ekitaldi publiko bakar bat ere egingo festetan". Hain zuzen ere, San Inazio bigarrenez ohikoa da Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei udal korporazioak harrera egitea Azpeitiko plazan, baina gaur, bigarren urtez jarraian, ez da horrelarik izan.

Halere, Loiolako santutegiko gaurko elizkizunean Jaurlaritzako eta Aldundiko hainbat agintari izan da, besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko eleduna, Jabier Larrañaga Aldundiko  Ogasun eta Finantza diputatu azpeitiarra eta Jose Ignacio Asensio Aldundiko Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako diputatua. Iñigo Urkullu lehendakaria ez da izan gaur Loiolan.