Herritar ugari elkartu da San Inazio eguneko meza nagusian

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 31a, 13:42

Osasun eta segurtasun neurriak behar bezala beteta, azpeitiar eta inguruko herrietako lagunak elkartu dira Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak eman du meza.

Jende asko elkartu da gaur, 11:00etan hasita, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian egin den San Inazio eguneko meza nagusian. Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak zuzendu du elizkizuna. COVID-19a dela eta, ordea, aurten ere ez da prozesiorik izan herriko kaleetan barrena. Bigarren urtez jarraian ez da ekitaldia egiterik izan Azpeitian.

Parrokian osasun eta segurtasun neurri guztiak bete behar izan dituzte herritarrek. Elizara sartzerako eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu behar izan dituzte, eta behin barruan, markatutako eserlekuetan eseri behar izan dute herritarrek.