Martxan da udako baratze ederrenak aukeratzeko lehiaketa

Andoni Elduaien 2021ko abu. 1a, 08:30
Azpeitiko baratze parkea.

Ekoguneak martxan jarri du II. Udako Baratze Ederrenak lehiaketa, eta Azpeitiko baratze parkeen erabiltzaileek ere parte hartu ahal izango dute egitasmoan. Irailaren 26a izango da parte hartzeko azken eguna.

Udako baratze ederrenak aukeratzeko, Ekoguneak martxan du II. Udako Baratze Ederrenak lehiaketa. Azpeitiko baratze parkea Baratze Parke Sareko kidea da, eta bertan baratzea duten herritarren lehiaketan parte hartu ahal izango dute, nola lehiakide bezala hala botoa emanez. 

Lehiakide moduan parte hartu ahal izateko, baratzeen erabiltzaileek hiru argazki bidaltzeko aukera izango dute. Argazkiak baratzeparkea@ekogunea.eus helbide elektronikora bidali beharko dira, baina horiek aurtengo uztailaren 1etik irailaren 26ra bitartean egindakoak izan beharko dute. Era berean, parte hartzaileak argazkiekin batera bidali beharko ditu bere izen-abizenak, telefono zenbakia, baratzea duen parkearen izena, lursail zenbakia eta lursailari buruzko idatzi labur bat. 

2021eko urriaren 13an jakinaraziko ditu Ekoguneak bere webgunean irabazleen izenak. Lehiaketaren irabazleak 80 euroko balioa duen saskia jasoko du, bigarren sarituak 60 euroko balioa duen saskia, eta hirugarrenak 40 euroko balioa duen saskia. Lehiaketan botoa ematen duten guztien artean, gainera, 30 euroko balioa duten bi saski zozkatuko dituzte.