Iparraldeko Nobilladen Zirkuituaren barruan, zekorketa izango da abuztuaren 21ean Azpeitiko zezen plazan

Maialen Etxaniz 2021ko uzt. 31a, 11:04
Joxin Iriarte eta Azpeitian arituko diren hiru nobilleroak Iparraldeko Nobilladen Zirkuituaren aurkezpenean. (Azpeitiko Zezen Plaza)

Azpeitian hasiko da Toro de Lidia fundazioak antolatutako Iparraldeko Nobilladen Zirkuitua. Zalduendo ganadutegiko sei zekor aterako dira plazara abuztuaren 21ean, larunbatez, eta horiek toreatzeaz arduratuko dira Diego San Roman, Jorge Martinez eta Sergio Rodriguez nobilleroak. Oraindik ez dituzte jakinarazi zekorketaren ordua eta sarreren salmenta guneak. 

Osasun irizpideak tarteko aurtengo saninazioetako zezenketak bertan behera utzi dituzten arren, ez da geldirik egon Joxin Iriarte buru duen zezenketetako komisioa. Hamabost urteren ostean, abuztuaren 21ean zekorketa bat izango da Azpeitiko zezen plazan. Izan ere, Azpeitian hasiko da Iparraldeko Nobilladen Zirkuitua, Espainiako Nobilladen Ligaren barruko txapelketetako bat. 

Ostegunean aurkeztu zuten Madrilgo Las Ventas zezen plazan Toro de Lidia fundazioak antolatutako Iparraldeko Nobilladen Zirkuitua. Txapelketa formatua izango du egitasmoak, eta, guztira, hamabi nobillerok parte hartuko dute. Sailkapen faseetan lanik onena egiten duten sei nobilleroek finalaurrekoetarako txartela eskuratuko dute. Horietatik lan txukunena egiten duten hiru sailkatuko dira irailaren 17an jokatuko den finalera.

Abuztuaren 21ean Azpeitiko zezen plazan jokatuko duten sailkapen faseko nobilladan Zalduendo ganadutegiko sei zekor aterako dituzte plazara, eta horiek toreatzeaz arduratuko dira Diego San Roman, Jorge Martinez eta Sergio Rodriguez nobilleroak. Jorge Martinezek Andaluziako Nobilladen Zirkuitua irabazi berri du eta Rodriguez bigarren sailkatu da Gaztela Leongo zirkuituan. Diego San Romanek, aldiz, Azpeitiko hitzorduarekin debuta egingo du Espainiako Nobilladen Ligan. 

Egitasmoa aurkeztu duten arren, oraindik ez dituzte jakinarazi hitzordu guztien xehetasunak. Beraz, aurrerago jakinaraziko dituzte Azpeitiko zekorketaren ordua eta sarrerak eskuratzeko guneak.