Koronabirusa Azpeitian

COVID-19aren gaia beste begirada batetik aztertu dute Hemen Gaude taldeko kideek

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 30a, 13:39

Herriko plazako kioskoan egin dute hitzaldia Beste begirada bat COVIDari izenpean. Hainbat herritarrek arretaz entzun dituzte Idoia Larrañaga, Joseba Argintxona, Pako Iriarte eta Santi Uranga hizlariek esandakoak.

Eguerdian, Hemen Gaude taldeak antolatutako Beste begirada bat COVIDari hitzaldia egin dute herriko plazan. Idoia Larrañaga, Joseba Argintxona, Pako Iriarte eta Santi Uranga hizlariek parte hartu dute ekitaldian. Euskal Herri osoan zehar egin den Bizitza plataformaren Hitza Plazaz Plaza ekimenean parte hartu duten kideak dira guztiak.

"Mundu mailako tratatu zein idatzi guztiek babesten dute pertsona guztien askatasuna, baita osasun tratamendua eta diagnostikoa modu askean aukeratzeko askatasuna ere. Oraindik esperimentazioaren parte den txertoa dugu bueltaka herrian, batik bat, orain fokoa gazteei eta haurrei jarriaz. Horren aurrean dugun kezka azaldu nahiko genuke, bai baitaukagu arriskuen informazioa. Nola liteke gure herriko haurrak eta gazteak arrisku horretara bideratzea?", azaldu du Idoia Larrañagak. 

Joseba Argintxonak, berriz, "mundu osoan zehar gezur jasa" ari duela adierazi du. "Euskal Herria gezur jasa izugarri baten mende dago. Inoiz, inon, inork sartu digun gezurrik handienaren aurrean gaude, eta tamaina horretakoa da mundu osoan zehar sortzen ari den izugarrizko sarraskia. Berri txarrak sarri oso interesgarriak izaten dira erreparatzeko, horiek errealitatean kokatzen gaituzte eta. Adieraztea eta esatea erabaki dugu batzuk, eta horregatik, azken asteetan Euskal Herrian zehar ibili gara. Ez dakigu guztia, baina dakiguna oso larria da, eta larritasun horren berri eman beharra daukagu. Zein oilok jarriko luke azeriak inposatzen dion txertoa?".

Azpeitian lan egin duen Santi Uranga sendagileak ere hitzegin du herriko plazan. "Une honetan txertoa jartzeko eskatzen ari dira, baina zertarako? Txertatuta daudenak gaixotu egiten dira, eta gainera, ospitaleetan daude batzuk; txertatuta daudenak ez daude inmunizatuta. Txertatu ondoren herritar guztiak inmunizatuta egongo zirela saldu zuten, baina gezurra da. Era berean, ez dakigu txertoak zer duen barruan. Herritar bezala, informazio guztia jakin beharra daukagu, argi eta garbi".

Gaurko eguna azpeitiarrentzat "ospatzeko eguna" dela adierazi dute. Hain zuzen ere, irrintzi oihuak eta txaloak entzun dira plazan 12:00etako kanpaiek jo dutenean. Bihar ere ordu berean egingo dute ekitaldia plazan. Elkarretaratzea "alaitasunez, musikaz lagunduta eta jai giroan" egingo dituztela nabarmendu dute Hemen Gaude taldeko kideek, eta herritarrei bertan parte hartzeko deia egin diete, "iritziak elkarbanatu eta une alai bat igarotzeko".