Koronabirusa Azpeitian

Gora egin dute astebetean zenbatutako positibo kopuruak eta intzidentzia tasak

Maria Maya eta Ihintza Elustondo 2021ko uzt. 30a, 13:23

Atzo sei positibo zenbatu zituzten Azpeitian. Aste osoan, 69 kasu baieztatu dituzte guztira, joan zen astean baino hogei gehiago. Gaur-gaurkoz, 775,30ekoa da herriko intzidentzia tasa; duela astebete 512,48koa zen zifra hori. Eremu gorrian dago Azpeitia.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu berri datuen arabera, sei positibo zenbatu zituzten atzo Azpeitian. Azken zazpi egunetan, 69 kasu baieztatu dituzte guztira; joan zen astean baino hogei gehiago –49 zenbatu zituzten orduan–. Positibo kopuruak gora egin du, eta, beraz, joera hori berretsi du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere: gaur-gaurkoz, 775,30ekoa da zifra hori, eta eremu gorrian jarraitzen du Azpeitiak. Astez aste gora egiten ari da kopuru hori; izan ere, duela astebete 512,48koa zen intzidentzia tasa, eta duela bi aste, 308,80koa.

Urola Kosta eskualdeari dagokionez, 31 koronabirus kasu hauteman zituzten atzo, herenegun baino 24 gutxiago. Kasu kopuruak behera egin du nabarmen, baina 5.000 biztanletik gorako zenbait herritan gora egin du intzidentzia tasak; Azpeitian ez ezik, gauza bera gertatu da Orion. Kostaldeko herri horretan bi izan dira hautemandako kasuak, eta 945,86tik 978,47ra igo da tasa.

Zarautzen zertxobait behera egin du tasak, 839,51tik 818,08ra, baina herri hortan zenbatu dute kasu kopuru altuena; 11, hain zuzen. Behera egin du tasak Azkoitian ere –intzidentzia tasa mila puntutik behera jaitsi da eta 917,97koa da gaur-gaurkoz–, nahiz eta bi kasu positibo zenbatu zituzten atzokoan. Bost kasu positibo detektatu zituzten, bestalde, Zumaian; 30 puntu jaitsi da herri horretan intzidentzia tasa azken datuekin, baina Urola Kostako herrietatik bertan dute egoera okerrena, 1.160,07koa baita tasa. 

Aian eta Getarian, hiru eta bi kasu hauteman zituzten atzo, hurrenez hurren. Aian 503,78koa da kasu metatuen tasa, eta Getarian, 883,39koa. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, bestalde, ez zuten kasu bat bera ere atzeman atzo. Aizarnazabalen 130,04ean dute tasa eta Zestoan 898,82an; Beizaman eta Errezilen, berriz, hutsean mantentzen dute. 

Positiboek zertxobait behera, ospitaleratzeek gora

Hego Euskal Herrian egindako 14.551 PCR eta antigeno probetatik 1.696k izan zuten emaitza positiboa –1.980 ziren herenegun–. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %11koa da positibotasun tasa, eta Nafarroan, berriz, %13,9koa. Lurraldez lurralde, Bizkaian (776) zenbatu zuten kasu kopuru altuena, eta, ondoren, Gipuzkoan (388), Nafarroan (381) eta Araban (131). Lurralde horietatik kanpo bizi direnen artean hogei kasu positibo hauteman zituzten, Osakidetzak emandako datuen arabera. 

Ospitaleetako egoerari dagokionez, 243 lagun daude izurritearen eraginez Osakidetzaren mendeko erietxeetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 55 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, herenegun baino hamabi gehiago. Zaintza bereziak behar dituzten pertsonak, berriz, 62 dira hiru lurralde horietan.