Eduki babestua

Eskerrez betetako agurra

Uztarria.eus 2021ko uzt. 30a, 08:41
Mari Karmen Agirrezabalaga eta IƱaki Ugartetxea.

Hainbat urtean zabalik izan ostean, gaur betirako itxiko ditu ateak Zabala harategiak. Negozioaren jabeek bezero guztiak dituzte gogoan, eta denak, bat bera ere ahaztu gabe, eskertu nahi dituzte.

Zer diren gauzak, Zabala harategiak ez du inoiz jaiegunik hartu; igandeak salbu, noski. Gaur, ordea, betirako itxiko ditu ateak. Behin eta betirako izango da, beraz. "Igande batean ezkondu ginen Iñaki eta biok, nahita egin genuen, denda ez ixteko. Gurasoak bi igandetan hil ziren, eta gure umeak bi igandetan jaio ziren... horrelaxe tokatu zen bi kasuetan. Kuriosoa!", dio Mari Karmen Agirrezabalaga Zabala harategiaren jabeak.

Harakinen familia da Agirrezabalagarena. "Aitaren anaia zaharrenak harategia zuen Erdikalean, eta harekin hasi zen lanean. Erdikalekoaz gain, bazuten beste postu bat Azoka Plaza zaharrean; ez berritu dutenaren aurrekoan, zaharragoan baizik. Ez dakit zenbat urte egin zituzten elkarrekin lanean, baina bideak banandu egin zituzten, eta aita Juanitok Bustinzuriko Errebaleko harategia ireki zuen duela 70 urte", gogoratu du.

1951. urtea zen, eta orduan ez zekitenen arren, negozioak bide oparoa zuen aurretik. Hainbeste urtetan gauzak asko aldatu direla aitortu du Agirrezabalagak, salmentari eta produktuei dagokienez, besteak beste. "Hasieran haragia saltzen zen, txahalarena. Gogoan dut oraindik aita hiltegira joaten zela, eta berak hiltzen zuela txahala. Ondoren iritsi ziren abere-hiltzaileak. Gero, neska koskorra nintzela, oilaskoa sartzen hasi ziren poliki-poliki, txorizoekin eta gainontzekoekin batera. Garai hartan ez zen sukaldeko lanik egiten, baina nire amak esku ona zuen sukalderako, eta gauzak prestatzen hasi zen", azaldu du.

Lana egiteko moduan ere aldaketa nabarmenak izan dira: tripakiak, adibidez, etxean garbitu behar izaten ziren lehen; orain, aldiz, garbituta iristen dira hiltegitik. "Lantegi nekosoa zen hori, gaur egungo gazteek ez lukete horrelakorik egingo!". Negozioari itxura berria ere eman zioten; duela 30 urte izan zen hori, aitak erretiroa hartu zuenean, eta senar-emazteek negozioarekin jarraitzea erabaki zutenean. Eraikin guztia familiarena zen, oso zaharra zegoen, eta goitik behera berritzeko hautua egin zuten, denda barne.

Gauza asko ikusi, bizi eta ikasi dute, beraz. Iñaki Ugartetxeak, adibidez, harakin lana zer zen ez zekien Mari Karmen ezagutu aurretik. "Mari Karmenen aitak irakatsi zidan orain dakidan guztia. Baina gauza berriak ere ikasi behar izan ditugu; izan ere, aldaketetara eta egoera berrietara egokitu behar izan dugu. Bezeroen nahiak eta beharrak aldatzen joan dira, eta erantzunak ematen saiatu gara. Aurrez prestatutako jakiek hartu dute indarra azken urteetan, eta ka-
mara edo hozkailua husten joan da", esan du Ugartetxeak.

Eskerrak, letra larriz

Agur esateko garaia iritsi zaie, eta hitz bakarra dute esateko: "Eskerrik asko". Bezero guztiak dituzte gogoan, eta denak, bat bera ere ahaztu gabe, eskertu nahi dituzte, Bustinzuriko Errebaleko eta inguruko herritar horiek gabe Zabala harategia ez baitzen ezer izango. Hala ere, badituzte bezero kutunak: "Sierbetako mojak. Aitak harategia zabaldu aurretik bezero ziren mojak, eta orain arte jarraitu dute. Horregatik, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu".

Zorte handia izan dutela pentsatzen dute, osasunak, bezeroek eta langileek lagundu baitiete horretan. "Horiekin guztiekin dendak martxa ona eman izan du beti, baina orain
erretiroa hartzeko garaia iritsi zaigu. Gure ondorengoek ez dute nahi jarraitu negozioarekin, eta hori onartzea dagokigu. Guk nahi genuena egin genuen gure garaian, eta orain, besteek ere nahi dutena egin behar dute".

Azken finean, belaunaldi arazoa dela eta, egungo gazteek beste mota bateko lanak nahiago dituztela uste dute: "Lan aberasgarria da, pertsona asko ezagutzen dituzu mostradorearen atzean, baina lotua da”. Eta abuztutik aurrera, zer? “Hor dugu arazoa, nik beti lana egin izan dut, hau da egiten dakidana, eta zalantza apur bat badugu, baina asmatuko dugu zer egin!".