Mundua itsaso zikin bat izan ez dadin

Ihintza Elustondo 2021ko uzt. 29a, 16:24
Zabor bilketa bateko irudia. (Utzitakoa)

Ingurumenaz kontzientzia zabaltzeko, kostaldea zeharkatu du Mikel Izurietak 11 egunetan. Hondarribiatik (Gipuzkoa) abiatu eta Getxora (Bizkaia) joan da furgonetan, 213 kilometroko ibilbidea osatuz. Herriz herri geldialdiak egin eta zabor bilketak gauzatu ditu beste bi kiderekin batera; 309 kilo hondakin bildu dituzte, guztira.

Furgoneta batean, eta motxila bete asmo soinean. Halaxe abiatu zen Mikel Izurieta azpeitiarra  Euskal Herriko kostaldea zeharkatzera hilaren hasieran, Jon Kareaga zumaiarrarekin eta Maddi Bercianos hendaiarrarekin batera. Hondarribiatik (Gipuzkoa) abiatu eta Getxora (Bizkaia) iritsi ziren, 11 egunetan 213 kilometroko ibilbidea osatuz. Hortik dator egitasmoaren izena: 213 Km. Bask kooperatibako kideak dira hiru gazteak, eta herriz herri geldialdiak egin eta zabor bilketak gauzatu zituzten egun horietan, egitasmoan parte hartzera animatu ziren boluntarioen laguntzarekin. Guztira, 309 kilotik gora hondakin bildu zituzten.

Ondorioa, beraz, argia da: zikin dago kostaldea. Izurietaren arabera, gizakiaren bizi ohituren isla da itsasoa. "Ezin da imajinatu zenbat zabor dagoen itsasoan. Jatorria oso leku ezberdinetan duten hondakinak pilatzen dira bertan, eta ez dago jakiterik nola iritsi diren hara. Gure kontsumo ohituren isla da hori, produkzio burugabearena. Produktu bat erosten dugunean, non bukatuko duen jakin gabe kontsumitzen dugu, eta ekoizpenari dagokionez ere, saltzaileari ez zaio axola produktuak zer eragin izango duen naturan".

Ingurumenaren aldeko aktibismoa da Bask taldearen iparrorratza: batez ere, ehungintzaren industriak naturan duen eraginaz hausnartzera bultzatu nahi dute gizartea, baina ingurumenaren zaintza ere lantzen dute oro har. Eta jardun hori gizarteratzeko asmoz jarri zuten martxan 213 Km egitasmoa. "Egungo osasun egoera kontuan izanda, aukera ona iruditu zitzaigun kostaldea furgoneta batean zeharkatzea, herritarrengana hurbiltzeko. Batez ere, gazteengana heldu nahi genuen; gazteak zaborra biltzera anima zitezen nahi genuen, zer-nolako arazoa dagoen ikus dezaten".

Beraz, zabor bilketen bidez, kontzientzia lana egin nahi izan du hirukoteak. "Gazteak kontzientziatzeko, zabor bilketak baliatu ditugu. Izan ere, zabor bilketa batera joan arte ez gara konturatzen zenbat zabor iristen den gure kostaldera eta zer ondorio dituzten guk eguneroko bizimoduan egiten ditugun gauzek. Zaborra biltzea iruditzen zaigu jendeak benetan arazo bat dagoela eta arazo horri aurre egin behar diogula ikusteko modurik onena. Espero dut zenbait kontsumo ohitura aldatuko zituela egitasmoak".

Izurieta gustura dago 213 Km proiektuak izan duen erantzunarekin. "Zumaian 30 lagun aritu ginen zaborra biltzen, Getxon beste 23... Denera, ehun bat lagunek parte hartu dute zabor bilketetan, eta horiez gain, beste hainbat lagun etorri ziren ea zertan ari ginen galdetzera... Pozik gaude, jendeak egitasmoarekiko kuriositatea azaldu duelako". Hori bai, zenbait zailtasun ere izan dute. "Zenbait udalek zabor bilketak egiteko baimena aspaldi eman ziguten, baina azken egunetako agerraldiak tarteko, Bermeon [Bizkaia], adibidez, ezin izan dugu egin".

Zaborra bainujantzi

Itsasoan bildutako zaborraren artean, askotariko materialak aurkitu dituzte: "Arrantzarako sareak eta plastikoa izan da gehien bildu ditugunak. Dena den, itsasontzietako gomak eta bestelako materiala ere jaso dugu; koltxoi bat ere aurkitu genuen Getxoko hondartzan. Hondarraren azpian begiratzen ari ginela, zerbait topatu genuen. Tiraka eta tiraka hasi ginen, eta ohartu ginen uste genuena baino handiagoa zela. Koltxoi bat zela konturatu ginen, eta barruan hondarra, karramarroak... denetarik zegoen".

Arropa ekoizten du Bask kooperatibak, eta zabor bilketetan bildutako plastikoa hurrengo urterako bainujantziak egiteko baliatuko dute. Nola egin, ordea, arropa zaborrarekin? "Zabor bilketa bakoitzaren ostean, hondakinak bereizi egiten genituen. Zenbait material ez da birziklagarria –koltxoia, arrantzatzeko sarea...–, baina ia plastiko guztia birzikla daiteke. Guk botilak nahiz botilen tapak erabiliko ditugu, batez ere". Hainbat sistema baliatuz, bildutako plastikoa bainujantzientzako oihal bilakatuko dute, eta ondoren, josi egingo dute.

Bainujantziak egiteaz gain, hainbat zuhaitz ere landatuko dute, furgonetarekin isuri duten karbono aztarna orekatzeko. "Furgoneta elektrikorik ez genuen aurkitu, eta ingurumenean utzi dugun karbono aztarna berdintzeko, hainbat zuhaitz landatuko ditugu Free Forest enpresarekin. Gure kontzientziazioak ingurumenean eragin negatiborik ez izatea nahi dugu".

Zabor bilketez gain, kontzertuak eta yoga saioak ere egin dituzte kostaldean ibili diren 11 egunetan. "Zabor bilketak ez dira oso erakargarriak jendearentzat, eta egitasmoa erakargarri egitea nahi genuen. Gainera, izurriak zenbait sektore kaltetu ditu –besteak beste, kultura eta eremu itxietan egiten diren ekintzak–, eta halakoak gure proiektuaren parte egin ditugu, sektore horiei laguntzeko eta egitasmoa jendearentzat erakargarri egiteko. Eta, noski, izurriak eragindako egoera honetan, bizitzaz gozatzea behar dugulako ere bai".