Udalak Marea Arroxaren ekintzak debekatu dituela salatu dute

Maialen Etxaniz 2021ko uzt. 28a, 20:42
Antolatutako ekintzak debekatu dizkietela salatu dute hainbat gaztek plazan. (Marea Arroxa)

Marea Arroxako nahiz Txosna Batzordeko zenbait eragiletako kideek, aurtengo festetan parte hartzekoak ziren zenbait gaztek eta musikarik agerraldia egin dute gaur, udalak beraien egitaraua debekatu duela salatzeko. Udaleko ordezkariekin izan duten hartu-emanaren berri eman dute, eta erakundeak festa herrikoien batzordearekin izandako "jarrera" salatu dute. Era berean, jakinarazi dute saninazioetako hiru egunetan erakusketa bat, ikuskizunak eta kontzertuak antolatzekoak zirela, "guztiak aforo eta ordutegi mugak errespetatuta eta aretoz kanpo".

Azpeitiko Udalak Marea Arroxaren ekintzak debekatu dituela salatzeko eta erakundeak festa herrikoien batzordearekin izan duen jarrera salatzeko agerraldia egin dute gaur plazan. Bertan elkartu dira Marea Arroxako nahiz Txosna Batzordeko zenbait eragiletako kideak nahiz aurtengo festetan parte hartzekoak ziren zenbait gazte eta musikari. Azaldu dutenez, duela aste batzuk –Ekainean– hasi ziren festen egunetan zer egin hausnartzen, urteetan zehar egindako lanari jarraipena emateko: "Badira aste batzuk, Azpeitiko festak direla eta, aurtengo gure jarduna publiko egin genuenetik. Ordutik, buru-belarri aritu gara, urtebeteko geldialdiaren ondoren, gure jarduna berrartu eta aurtengo proposamena lantzeko. Ezer baino lehen, mahai gainean jarri nahi dugu azken asteetan egindako lana eta, beste urte batez, Festa Herrikoien Batzordeak azken hamarkadan egin duen lanari jarraipena emateko borondatea".

Beraien asmoen berri eman aurretik, azaldu dute duela egun gutxi izan dutela udalaren debekuaren berri. "Ezin aipatu gabe utzi, Azpeitiko Udalak festetarako astebete baino falta ez denean jakinarazi digula gure jarduna aurrera eramateko debekua. Ezer baino lehen, gogor salatu nahi dugu bai udalaren erabakia, baita azken asteetan izan duen jarrera ere: iraganeko garaiak gogorarazten dizkigu udalaren jarrera autoritarioak", esan dute.

Prozesuaren kontakizuna

Marea Arroxako kideek udaleko ordezkariekin izandako hartu-emanaren berri ere eman dute hedabideetara bidalitako oharrean, eta esan dute udala ez zela festa herrikoien batzordearekin harremanetan jarri uztailaren 5eko agerraldiaren bezperak arte. "Jakina denez, Azpeitiko Udalak uztailaren 5ean egin zuen publiko aurtengo saninazioak bertan behera uzteko erabakia. Esan beharra dugu, ezinbestean, erabaki horren berri izan genuenerako martxan zela jada Marea Arroxaren jarduna. Are eta gehiago, gure jardunaren berri publikoki eman bagenuen ere, udalak ez zigun beren asmoen berririk eman. Beste hainbat eragile ez bezala, Marea Arroxa baztertua izan zen erabaki hori hartzeko prozesutik, ‘adostasun zabalaren’ izenean publiko egin bazuten ere. Erabakia publiko egin bezperetan jaso genuen erabakiaren berri, festa herrikoien batzordeko kideok gure jardunaren berri emateko udalarekin harremanetan jarri eta gero. Gainera, udalak ez zigun hartu zuen erabakiak gure jardunean izan zitzakeen ondorioen berri eman nahi izan, ezta testuinguru horretan gure proposamena aurrera eramateko bermeen gaineko erantzunik eman ere. Festa egunetarako astebete baino gutxiago falta denean jakinarazi zaigu gure jarduna aurrera eramateko debekua. Beraz, erabakia ez ezik, berau hartzeko prozedura ere salatu nahi dugu. Izan ere, adierazgarria deritzogu azken hamarkadan festa herrikoien batzordearen lana eta beharra goraipatzearekin ahoa bete duten horiek, festa herrikoien batzordearen lanari horrelako tratua ematea".

Era berean, nabarmendu dute Marea Arroxaren jarduna saninazioetara mugatzen dela: "Azpimarratu nahi genuke  Marea Arroxaren jarduna saninazio festen egunetan ekintzak antolatzera mugatzen dela urtero, eta hori dela bere lan esparru bakarra".

Prestatutako ekintzen zertzeladak

Azpeitiko Udalak atzera bota edo debekatu duen egitarauaren zertzeladak ere azaldu dituzte. Jakinarazi dute saninazioetako hiru egunetan erakusketa bat, ikuskizunak eta kontzertuak antolatzekoak zirela, "guztiak aforo eta ordutegi mugak errespetatuta eta aretoz kanpo". Ekintzak egiteko gune hori ohiko txosnagunea izango zela ere azaldu dute. "Azken asteetan landu dugun eta debekatu zaigun proposamena jakinarazi nahiko genuke. Hain zuzen ere, aurtengo festetan Txosna Batzordeak antolatutako txosnagunean eraman asmo genuen aurrera gure jarduna: hiru egunetarako egitaraua antolatu genuen horretarako, uztailaren 30erako, 31rako eta abuztuaren 1erako, zehazki. Bertan hainbat ikuskizun eta kontzertu egiteko asmoa genuen. Udalari azaldu bezala, eremu horretan egun ezarrita dauden aforo, ordutegi eta segurtasun irizpideak betetzeko protokoloa prestatu genuen, eta gure egin genuen hori betearazteko ardura. Sarrera eta irteerak kontrolatuta izateko neurriak prestatu genituen, segurtasun distantziak mantentzeko mahaiak jarriko genituen eta arratsaldetik hasi eta gauerdira arteko egitaraua prestatu genuen, ordutegi mugak beteta. Beraz, aurkeztu genuen proposamenak herriko tabernen irizpide berak betetzen bazituen ere, guri debekua inposatu zaigu. Are eta gehiago, negozio pribatua onartu eta hauspotu den bitartean, herri ekimeneko jarduna kritikapean egon da, debekatua izatera arte".

Horrez gain, eragileen beharrei egin diete erreferentzia. "Politika instituzionaletik kanpo dauden eta bere jarduna garatzeko baliabide urriak dituzten eragile kultural zein politikoak urteko diru sarrera garrantzitsuenik gabe utzi ditu udalak". Amaitzeko, eskerrak eman dizkiete aurtengo festen egitaraua prestatzen nahiz bertan parte hartzeko prest zeuden musika taldeei: "Nabarmendu nahi ditugu eremu horren jarduna sostengatzen duten lan boluntario eta militantea, baita antolatutako egitarauan parte hartzeko prest agertu ziren musika taldeei gure esker ona adierazi ere; zirkuitu profesionaletik kanpo dauden musika taldeek euren jarduna aurrera eramateko dituzten mugak ageriarazi baino ez ditu egiten debeku honek. Salatu nahi ditugu, beraz, jaso dugun tratua eta inposatu zaigun debekua. Debekuaren aurrean, aurrera festa herrikoiak!".