Merkatuak sustatzeko plan estrategikoa osatu du Gipuzkoako Azoken Sareak

Maialen Etxaniz 2021ko uzt. 28a, 17:45
Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Landaolako, Elika Fundazioko eta hamazazpi udalerritako ordezkariak. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gaur aurkeztu dute azokak sustatzeko eta merkatuen etorkizuneko erronkei erantzuteko plan estrategikoa. Prozesuan parte hartu dute eskualdeko hiru herrik, tartean, Azpeitiak. Plan estrategikoak bost ardatz nagusi ditu: gobernantza, azpiegiturak eta zerbitzuak, etorkizuna, sarearen dinamizazioa eta komunikazioa. Urtarillean jarri zuten martxan egitasmoa, eta hilabeteetako lanketaren ostean, gaur aurkeztu dute datozen urteetarako plana. 

Merkatuen etorkizuna bermatzea helburu, joan zen urtarillean jarri zuten martxan Gipuzkoako Azoken Sarea, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Landa Garapeneko Elkarteak —tartean, Urkome— eta Elika fundazioak sustatuta, eta Gipuzkoako hamazazpi herritako azoketako ordezkarien parte-hartzearekin. Horien artean dira, esaterako, Azpeitia, Azkoitia eta Zarautz. Azken hilabeteetan lanean aritu dira azoken etorkizuneko erronkei erantzuteko ekintza plana zehazten, eta gaur aurkeztu dute plan estrategikoa Tolosako (Gipuzkoa) azokan. 

Tolosako Zerkausian egin dute plan estrategikoaren aurkezpen ekitaldia, eta bertan izan dira, sustatzaileez gain, hausnarketa eta partaidetza prozesuetan ibili diren hamazazpi udalerritako ordezkariak ere: Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Legazpi, Mutriku, Ordizia, Oñati, Tolosa, Zarautz eta Zumarraga.

Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak nabarmendu duenez, prozesuaren bidez azoka bakoitzaren etorkizunerako erronkak eta ekintza planak adostu dituzte. Era berean, nabarmendu du "guztien artean ikuspegi orokor bat" landu dutela, Gipuzkoako Azoken Sarea lortzeko helburuarekin. “Gipuzkoako Foru Aldundian gure produktuei balio erantsi handiagoa emateko lanean ari gara, horiek eraldatuz eta berrituz, eta tokiko produktuen eta hurbileko salmentaren garrantzia nabarmenduz. Bide horretan, ekimen hau ere bultzada bat izango da” adierazi du Arrutik.

Javier Plasencia, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak nabarmendu du “une egokia" dela Gipuzkoako Azoken Sarea ekimena aurrera eramateko, Europako Batzordeak hartutako hainbat erabaki tarteko: "Europako Batzordeak, Europako Itun Berdearen esparruan, onartu berri duen Baserritik Mahaira estrategiak elikagaien segurtasuna eta dieta osasuntsuak eskuratzea babestuko duen elikadura-sistema jasangarrirako trantsizioa defendatzen du”. Plasenciak gaineratu du “estrategia hori EAEko gobernu-planean txertatuta" dagoela, eta elikagaien ekoizpen "jasangarriagoa, osasungarriagoa eta seguruagoa" bultzatuko duela. Gainera, esan du ekoizpen horrek "elikadurarekin gero eta sentikorragoak eta zorrotzagoak diren herritarren eskakizunei" erantzungo diela, eta "bertako produktuekiko eta sektorearekiko hurbiltasuna eta konfiantza" baloratuko dituela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, plan estrategikoak bost ardatz nagusi ditu: Gobernantza, azpiegiturak eta zerbitzuak, etorkizuna eta sarearen dinamizazioa eta komunikazioa. Ardatz bakoitzaren lan ildoak ere definitu dituzte, hala nola mahaien osaketa, azpiegituren eguneraketa, digitalizazio proiektuak eta promozio ekintzak. Erakundeak nabarmendu du Gipuzkoako Azoken Sarea proiektua udalerri bakoitzeko azokaren beharretara egokitu dela eta azoka osatzen duten eragile ezberdinen partaidetzarekin garatu dela.