Blai eginda, baina jolasean gustura

Azpeitia Bizi programaren barruan, haurrentzako ur jolasen parkea dago jarrita Betharrametako atarian. Haurren gozamenerako askotariko puzgarriak eta jolasak ipini dituzte.

Azpeitiko Udalak eta herriko eragileek Azpeitia bizi lelo hartuta uztailerako antolatu dituzten ekintzen barruko azkenengoa da gaur Betharrametako atarian jarri duten haurrentzako ur jolas parkea.Ur txorroak, txalupak, irristaketa, txirristak, apar festa... askotariko jpolasak eta puzgarriak daude jarrita haur parkean.

Goizean bezalaxe, arratsaldean ere izango dute haur eta gaztetxoek bertan jolasteko aukera. Arratsaldeko txandak 15:30ean, 16:45ean, 18:00etan eta 19:15ean dira. Txanda hartzeko Azpeitiko Udalaren webgunetik egin behar da. Ordubeteko txandak dira, tartean hamabost minutu hartzen ari dira jendearen sartu-irtenerako.

Adin guztietako haurrek parte hartu ahal izango dute parkean, eta sarrera doakoa izango bada ere, beharrezkoa da aurrez gonbidapena eskuratzea –gurasoek edo haurren arduradunek ez dute gonbidapenik beharko eremura sartzeko–. Egun osoan zehar, ordubeteko sei txanda izango dira: 11:00etan, 12:15ean, 15:30ean, 16:45ean, 18:00etan eta 19:15ean. Txanda bakoitzak ordubeteko iraupena izango du, eta txanda batetik bestera, hamabost minutuko tartea utziko dute. Ahalik eta haur gehienek jolasteko aukera izan dezaten, txanda baterako sarrera eskuratu ahal izango du pertsona bakoitzak. 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide