Koronabirusa Azpeitian

28 positibo zenbatu dituzte herrian azken hiru egunetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 26a, 13:58

Azken asteburuan ia hirukoiztu egin da positibo kopurua herrian, aurreko asteburuan baino hamazazpi kasu gehiago zenbatuta. Intzidentzia tasak 150 puntu egin du gora Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, berriz, 800eko langa gainditu berri du.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, 28 kasu positibo baieztatu dituzte ostiraletik atzora bitartean Azpeitian egindako PCR eta antigeno testetan –bi ostiralean, hamabost larunbatean eta 11 atzo–. Aurreko asteburuan 11 izan ziren herrian zenbatutako positiboak. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak 150 puntu egin du gora azken positiboen ondoren: 512,48koa zen ostiralean zenbatekoa herrian, eta gaur 663,60koa da.

Urola Kostan, guztira, 101 kasu atzeman dituzte, joan zen asteburuan baino zortzi gutxiago, eta Azpeitiaren ostean Zarautz izan da positibo gehien izan diren eskualdeko herria. 25 kasu detektatu dituzte han –hamar ostiralean, zazpi larunbatean eta zortzi atzo–, baina jaitsi egin da tasa asteburuan: 818,09an zegoen ostiralean, eta 809,53an dago orain.

Bestalde, Zumaian hamasei kasu izan dira azken hiru egunetan –bederatzi ostiralean eta zazpi larunbatean–, baina han ere behera egin du kasu metatuen tasak, 1.383,94tik 1.210,95era. Dena den, oraindik ere Zumaia da intzidentzia tasarik altuena daukan eskualdeko udalerria. Azkoitian hamahiru kasu baieztatu dituzte asteburuan –zazpi ostiralean, lau larunbatean eta bi atzo–; herri horretan, zertxobait gora egin du intzidentzia tasak ostiraletik, 1.143,29tik 1.151,63ra. Orion hamar positibo detektatu dituzte –launa ostiralean eta larunbatean, eta bi atzo–, eta han ere hazi da tasa. 831,7koa zen aurreko ostiralean, eta 864,32ra igo da asteburuko datuekin. 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiak daude gorrian; alegia, Azpeitia, Zarautz, Zumaia, Azkoitia eta Orio.

Zestoan zazpi lagunek eman dute positibo asteburuan –bik ostiralean, hiruk larunbatean eta beste bik atzo–, eta gora egin du intzidentzia tasak, 487,93tik 642,01era. Getarian eta Aian, aldiz, kasu positibo bana zenbatu dute, eta jaitsi egin dira bi herri horietako kasu metatuen tasak –742,05etik 671,38ra eta 403,02tik 352,64ra, hurrenez hurren–. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez da kasurik izan azken hiru egunetan; hutsean daude Aizarnazabalgo eta Beizamako intzidentzia tasak, eta 322,06an Errezilgoa.

4.879 kasu Hego Euskal Herrian

Ostiraletik igandera bitartean 4.879 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Atzo, zehazki, 508 kasu izan ziren Bizkaian, 312 Gipuzkoan, 289 Nafarroan, 101 Araban eta 21 lau lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Atzoko probetan positibotasun tasa %13,1ekoa izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –%14,1koa izan zen bezperan–, eta %14,3koa Nafarroan.

Osakidetzaren ardurapean dauden erietxeetan okerrera egin du egoerak asteburuan. Atzoko datuen arabera, COVID-19ak jotako 227 lagun zeuden ospitaleratuta –191 ziren ostiralean– eta horietako 56 zeuden ZIUetan –ostiralean baino lau gehiago–. Atzo 46 ospitaleratze izan ziren Osakidetzan.