"Majo sufrituta irabazi dugu txapela"

Nerea Uranga 2021ko uzt. 25a, 16:05

2 eta 1 irabazi du Euskal Herriko Herriarteko Esku Pilota Txapelketa Azpeitiak Lezamaren (Bizkaia) kontra, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Kadeteetan eta jubeniletan bana eginda, Alberdik eta Murgiondok Lezamakoen kontra jokatutako seniorren partidan erabaki da txapela. Ilunpeko pilotariak erraz hasi dira irabazten, baina 21 eta 10etik aurrera sufrimendu hutsa izan da. Azkenean, 22 eta 17 eginda, Azpeitira ekarri dute Euskal Herriko Herriarteko bosgarren txapela.

Kostata, baina bosgarren aldiz irabazi dute Ilunpe pilota elkarteko pilotariek Azpeitia ordezkatuz Euskal Herriko Herriarteko Esku Pilota Txapelketa. Finala gaur goizean jokatu du Azpeitiak Lezamaren (Bizkaia) kontra Zumarragako Beloki pilotalekuan. 2 eta 1 eginda lortu dute garaipena, eta Gipuzkoako Herriartekoko finalean bezalaxe, seniorren partidan erabaki da txapela. Emoziorik eta tentsiorik ez da falta izan kantxan eta harmailetan.

Kadeteetan Eneko Odriozolak eta Beñat Ezamak ordezkatu dute Azpeitia. Launa tantora berdindu dute aurrena, eta tantoetan sei aurrerik ere ibili dira Ilunpekoak (10 eta 4); baina hamabi egin orduko, Lezamakoak aurrea hartzen joan dira, eta Azpeitikoei asko kostatu zaie tantoak egitea. Azkenean, 13 eta 22 eginda galdu du partida Azpeitiak. Jabier Odriozola Ilunpeko pilotarien botileroaren esanetan, "oso urduri" jardun dute pilotariek. "Gazteak ere badira, eta tentsio handiarekin jardun dute, batik bat Beñat Ezamak, atzelariak. Horrek gehiago jokatzen du, baina gaur nerbioso aritu da".

Bigarren norgehiagokan, jubenilenean, lasaiago jardun dute Iker Egiguren eta Josu Labaka pilotariek. Aurrez ere, partida hori bereganatuko zutenaren esperantza bazuten ,eta hala gertatu da. Lehen hamabost tantoak errenkadan lortu dituzte Azpeitikoek, eta hamaseigarrenean eskuratu dute aurreneko tantoa Lezamakoek. Partidaren bukaera arte nagusi izan dira Ilunpekoak; 22 eta 4 irabazi dute.

Tentsioa eta nerbioak pil-pilean

Hirugarren partida erabakiorra izanda, tentsioa eta nerbioak areagotu egin dira kantxan eta harmailetan. Unai Alberdik eta Dani Murgiondok jokatu dute Azpeitia ordezkatuz. Ilunpeko aurrelaria gogor hasi da partidaren hasierako saketik, eta bat bestearen atzetik, bederatzi tanto lortu dituzte segidan. Alberdik huts egin duelako lortu dute Lezamakoek beren aurreneko tantoa; 9 eta 1ean jarri da markagailua. Hortik aurrera, aldea apur bat murrizten joan dira Lezamakoak, baina amore eman ez eta berriro jokoari heldu diote Azpeitikoek (21 eta 10). Txapela bereganatzeko tanto bakarraren faltan, ordea, tentsioa eta sufrimendua nabarmendu dira Ilunpeko pilotariengan, eta Lezamakoak jokoan sartzen eta estutzen hasi dira tantoa bata bestearen atzetik eginda markagailuan aldea murriztuz. Azkenean, baina, 22 eta 17 Azpeitiak irabazi du.

Txapela bereganatuta "oso pozik" agertu da Odriozola botileroa, baina azken partida "oso gogorra" izan dela aitortu du. Alberdi eta Murgiondo ere bat etorri dira Odriozolarekin: "Majo sufrituta irabazi dugu txapela".

Partida "borobil" hasi duten arren, atzera-aurrerako partida izan dela azaldu du Alberdik bukaeran: "Hasieran erraz hasi gara, eta alde polita atera diegu Lezamakoei. Gero, gainera etorri zaizkigu, eta ondoren, berriz, alde egin dira. Partidaren bukaeran, ordea, irabaztea ikaragarri kostatu zaigu. Uste dut erditik aurrera asko gogortu dela lehia, eta tantoak egitea asko kostatu zaigula".

Murgiondori ere finaleko partida "oso gogorra" eta "tentsio handikoa" egin zaio: "Bero handia egiten zuen, eta neuk ere pixka bat behera egin dut partidan aurrera. Gero, abantaila hartuta geundela, eta aurkariak atzetik aurrera zetozela ikusi dudanean, tentsio handia sortu zait. Txapela irabazteko partida erabakiorra zenez, tentsio berezia sortu da".

"Herriartekoa irabazteko inportanteena talde indartsua izatea da"

Azken astebetean zalantza izan da Murgiondok gaurko finala jokatuko zuen ala ez. Izan ere, aurreko asteburuko partidan zaintiratua izan zuen, eta ostiralera arte jokatzeko ziurtasunik ez zuen Ilunpeko pilotariak. "Aste osoan zalantzan egon naiz finala jokatzeko gai izango ote nintzen. Ostiralean proba bat egin nuen, ondo sentitu nintzen, eta finala jokatzeko erabakia hartu nuen. Egia esanda, masajistek ikaragarrizko lan ona egin dute. Gaur frontoian dena emateko gai izango nintzen beldur nintzen, baina lesioak ez dit gerrarik eman. Beraz, alde horretatik ere gustura nago".

Azpeitiak Euskal Herriko Herriarteko bosgarren txapela janzteko seniorren partida erabakiorra izan bada ere, garaipena Ilunpe pilota elkarte osoarena dela nabarmendu du Murgiondok finalaren bukaeran: "Herriartekoa irabazteko talde oso-osoa hartu behar da kontuan, eta inportanteena da talde indartsua edukitzea".

Azpeitiak ekainaren 26an lortu zuen Euskal Herriko Txapelketa jokatzeko txartela, Gipuzkoako lehia irabazita. Hain zuzen ere, 2 eta 1 nagusitu zen Azpeitiko taldea Oiartzunen kontra jokatutako finalean. Zortzigarrenez jantzi dute Azpeitiko pilotariek Gipuzkoako Herriarteko lehiako txapela. Gaurko garaipenarekin, berriz, Azpeitiak bost alditan lortu du Euskal Herriko Herriarteko txapela. Hain zuzen ere, 2008an2015ean2017an eta 2018an.