Bere bosgarren Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa irabazi du Azpeitiak

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 25a, 13:47
Azpeitiarrak txapelak jantzita, duela gutxi Zumarragako Beloki pilotalekuan egindako sari banaketa ekitaldian. (Nerea Uranga)

2 eta 1 gainditu dituzte Lezamako (Bizkaia) ordezkariak Ilunpeko pilotariek Zumarragan jokatu duten finalean.

Bitik bi. Koronabirusak eragindako iazko etenaldiaren ostean aurten itzuli dira pilotako Herriarteko txapelketak, eta Azpeitiak jokatu dituen biak irabazi ditu: Gipuzkoakoa duela hilabete bat, Oiartzun gaindituta; eta Euskal Herrikoa gaur, Zumarragako Beloki pilotalekuan, Lezama (Bizkaia) mendean hartuta.

Gipuzkoako Herriartekoaren finalean bezala, 2 eta 1eko emaitzarekin lortu dute azpeitiarrek Euskal Herriko Herriartekoaren txapela. Jabier Odriozola botilleroak aurreratu bezala, kadete eta senior mailetako partidetan erabaki da finala. Galtzen hasi da Azpeitia, kadeteen partidan 22 eta 13 nagusitu baizaizkie Lezamakoak Odriozolari eta Ezamari. Jubeniletan, aldiz, eta aurreikusitakoa betez, aise irabazi dute Egiguren eta Labaka azpeitiarrek, 22 eta 4. Hirugarren eta azken partidan erabaki da, beraz, finala, eta Azpeitiaren alde erabaki ere: 22 eta 17 gailendu dira Alberdi eta Murgiondo neurketa erabakigarrian.

Gaurko garaipenarekin, bosgarren aldiz jantzi du Azpeitian Euskal Herriko Herriartekoaren txapela; 2018an irabazi zuten aurrekoa.