Gutxienez beste hamaika bizitzeko eta ospatzeko prest

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 24a, 17:28

Sanagustin kulturgune osatuaren hamargarren urteurreneko ekitaldia egin dute gaur, Sanagustinen bertan. Bertsoz, musikaz, antzerkiz eta kantuz hornitutako ekitaldia izan da, atzera begira jarrita zer ospatua badela, eta aurrera begira jartzeko indarrak batzearen garrantziaz ohartzeko.

Herenegun bete ziren hamar urte Sanagustin kulturgune osatua inauguratu zutenetik. Urtea hasi zenetik hainbat ekitaldi eta egitasmo antolatu ditu Sanagustinen 10. urtemuga ospatzeko sortutako Herri Batzordeak, eta ospakizun horien ekitaldi nagusia gaur egin dute, kulturgunean bertan. Pandemia egoerak baldintzatuta eta mugatuta, baina ospatzeko tartea hartu nahi izan dute gaur Sanagustinen elkartutakoek.

Atzera begira jarrita zer ospatua badela, eta aurrera begira jartzeko indarrak batzearen garrantziaz ohartzeko unea izan da gaur eguerdikoa. Olatz Prat Azpeitiko Kultur Mahaiaren lehendakariak, Jose Luis Otamendi Kulturaz kooperatibaren lehendakariak eta Nagore Alkorta alkateak hartu dute hitza ekitaldian. Hirurak bat etorri dira Azpeitiko kultur mugimenduaren eta udalaren azken urteetako elkarlanak eman dituen fruituak goraipatzerakoan; elkarlan horren azken urratsa izan da Kulturaz kooperatibak eta udalak aurten sinatu duten lankidetza hitzarmena. Eta hirurek eskertu eta zoriondu dituzte gaur ospatu duten hori guztia posible egin duten herritarrak eta eragileak.

Hitzartzeekin tartekatuta, bertsoez, musikaz, antzerkiaz eta kantuez gozatzeko aukera izan dute oholtzara begira zeuden gonbidatuek, Leire Ostolazaren, Iraia Bereziartuaren, musika eskolako eta antzerki eskolako ikasleen eta Azketa ahots taldekoen eskutik. Gainera, kulturgune osatuaren lehen hamarkada dela-eta Herri Batzordeak egindako kapsulen bideo bilduma aletzen joan dira ekitaldian zehar Sanagustineko pantaila handian. Eta ekitaldiaren bukaeran, mokadutxoa egiteko tartea hartu dute Sanagustinen elkartutakoek.

Egindakoaz eta egiteko dagoenaz

Pratek gogoratu du "Kultur Mahaiak eta udalak lan handia eginda" ireki zituela ateak Sanagustin kulturguneak 2010eko abenduan, eta handik gutxira jarri zutela martxan "oraingo Sanagustin, Azpeitiko kultur mugimenduak sortutako kooperatibak kudeatua, egitarau iraunkor batekin eta ostalaritzarekin". Herriko kultur mugimenduarentzat ez ezik, Sanagustinen irekiera Azpeitiarentzat ere "mugarria" izan zela esan du Pratek, "herriari bizi handia eman diolako". Sanagustinen ereduari batu zaizkion Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunea aipatu ditu Kultur Mahaiaren lehendakariak, eta plazako kulturgunearen hamargarren urteurrena ospatzeko prestatu duten egitarauari errepasoa egin dio. Berez, gaurko ekitaldiarekin amaitzekoak ziren urteurreneko ospakizunak; baina ekainean egitekoak ziren Herri ekimena eta kooperatibismoa nazio jardunaldia atzeratu beharra izan zuten; urriaren 5ean egingo dute jardunaldi hori, eta harekin itxiko dute Herri Batzordeak prestatutako programazioa. Aurrera begira jarrita, Kultur Mahaiaren birmoldaketa prozesua aipatu du Pratek, "kultur komunitatea gaur egunera egokitzeko eta indarberritzeko" gauzatu dutena.

Otamendik ere orain arte egindako bidea eta etorkizuneko erronkak mintzagai izan ditu, baina "nahigabe handi bat" aipatuz ekin dio hitzartzeari. Izan ere, herenegun hil zen Joakin Aizpuru, Kulturazeko langile eta bazkide Lurdes Irazustaren senarra. Harentzat hitz sentituak izan ditu Otamendik: "Joakin, Lurdesen senar eta Maitane langile ohiaren aita izateaz gainera, Sanagustin kulturgune honen lagun eta laguntzaile nekagaitza izan dugu urte hauetan guztietan. Hamaika konponketa, lan txiki eta ez hain txiki burutu ditu Sanagustinen, hau bere etxea ere bazela sentitzen baitzuen. Eta beretzako ez ezik, hona inguratzen ginen guztioi zerbitzu gero eta hobea, eta etxean bezala sentitzearen onginahia opa zigun. Bere eskuen lanaren igurtzia eraikin honen bazter askok dute ezagun, eta bere bihotz handiaren zigilua eta marka, berriz, gutako askok barru-barruan gordeko dugu". Ekitaldiaren zentzura itzulita, "duela hamar-hamabost urte ezina ez ezik ia-ia pentsaezina ere bazirudiena, aurrera atera dugu denon artean", adierazi du Kulturazeko lehendakariak, eta denbora tarte horretan herriko kultur giroak eta dinamikak zein kultur eragileen eta udalaren arteko harremanak izandako bilakaera nabarmendu eta lotu ditu: "Azpeitiko herria kultura politiko berri bat garatzen ari den iritzikoa naiz aspalditik, eta gure kultur mugimendua da horren isla garbia". Etorkizunera begira jarri da Otamendi ere. "Beste hamaika urtez bizi" nahi izanez gero, Azpeitiko kultur komunitatea "lortutakoaren laudorioetan" ezin dela "lokartu" ohartazi du: "Ditugun hutsuneei eta gabeziei aurpegi ematen segi beharra daukagu, batere despistatu gabe". Bi erronka aipatu ditu Otamendik. Haren aburuz, "funtsezkoa" dute "irekitasun handiagoa lortzea" eta kultur komunitate horren barruan "komunikazioa eta arduren banaketa indartzea", batetik. Eta herrira etorritako eta etorriko diren "ehunka azpeitiar berri" horiek ekarri ditu gogora, bestetik, zenbait galdera airera botata: "Noizko egingo dugu denok kultur komunitate batean elkartzeko modua? Nola artikulatu hizkuntza eta kultura gutxitu baten, eta beste hizkuntza, kultura eta kolektibo gutxituen arteko zubiak, denok kultura handimandien ozeanoan urtu baino lehen?".

Azpeitiko alkatearena izan da eguerdiko hirugarren eta azken hitzartzea. Eskerrak eman dizkie Alkortak Kulturazi, Kultur Mahaiari, kultur taldeei eta kultur mugimenduan dabiltzan azpeitiar guztiei, azken urte eta erdian sortutako egoera aipatu aurretik. "Pandemiak eta koronabirusak zenbait ekintza eta momentu lausotu egin dizkigute, baina garuko ekitaldi honek erakusten du, zailtasunak zailtasun, Azpeitia aurrera doan herri bat dela", adierazi du alkateak. Sanagustinen lehen urteurren borobilean, "proiektu honen balioa eta edertasuna mahai gainean jarri" nahi izan du Alkortak. "Azpeitiarrok badakigu, bai behintzat adin batera iritsiak garenok, kulturgune hau irekitzeak zer-nolako aldaketa suposatu zuen azpeitiarron eguneroko bizitzan", esan du. Herriko kultur mugimendua "aldaketa askoren motorra" izan da, alkatearen esanetan, eta mugimendu horrek zein kultur taldeek "egindako lana aitortzeko une aproposa" dela gaineratu du. Era berean, udalean ere "kultur politikan aldaketa nabarmenak eman" direla ekarri du gogora; erakunde publikoen eta kultur eragileen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, "denok norabide berean eta elkarlanean" aritzearen garrantzia: "herri gisa lan egiten asmatzea" izan da, Alkortarentzat, Sanagustin kulturgunearen eta atzetik etorri diren proiektuen "gako nagusia". Azpeitiko kultur dinamikak "etorkizun oparoa" duela uste du alkateak, eta etorkizun hori bermatzeko "baliabideak esku artean" badituztela ere bai.