Salbuespenezko espetxe politika aldatzea eskatu dute Sarek deitutako manifestazioan

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 23a, 21:00

Ibilian-Ibilian, etxerako bidean lelopean egin dute manifestazioa, 19:00etan plazan hasita. Salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko eta bizikidetzan aurrera egiteko herritarren bultzadan sakontzeko deia egin dute.

Sare Herritarrak udan martxan jarritako kanpainarekin bat eginez, Azpeitiko dinamikak deituta presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko manifestazioa egin dute gaur, ostirala, Azpeitian. Ibilian-Ibilian, etxerako bidean lelopean egin dute manifestazioa, plazatik 19:00etan abiatuta. 

Manifestazioaren amaieran irakurketa egin dute plazan Azpeitiko dinamikako kideek. Azaldu dute, Andaluziako espetxeetatik azken lekualdatzeak gauzatu direla, eta "azkenean euskal presorik gabe" geratu direla hango espetxeak. "Espainiako estatuan diren euskal preso guztiak Madrildik gora dauden espetxeetara gerturatuak izan dira azkenean. Horrela, atzean uzten ditugu urrutien dauden espetxeak, preso guztien gerturatzea ahalbidetuz".

Orain arte egin dituzten lekualdatzeak "senideek bizi duten zama arindu" egiten dutela ere nabarmendu dute. "Emandako urrats horiek, urrats berriak eta sakonagoak emateko aukera irekitzen dute. Hala ere, ezin dugu ulertu eta onartu Gotzon oraindik ere Palentzian mantentzea, Euskal Herrira ekarri beharrean".

Orain, "fase berri bat" hasten dela gaineratu dute. "Elkarbizitzaren bidean herri gisa aurrera egiteko fase bereziki garrantzitsua hasten da; euskal preso guztiak etxera itzultzeko bidea garatzeko unea da. Urruntze-politikarekin guztiz amaitu eta euskal presoak etxera itzultzeko prozesua hasi da. Horretarako, salbuespenezko legedia guztia desaktibatzea beharrezkoa da, eta Saretik hori lortzeko lanean jarraituko dugu. 7/2003 salbuespen legedia bertan behera uztea, gradu progresiorako oztoporik ez jartzea eta zigorren batuketa kontuan hartzea izango dira aldarrietako batzuk. Une honetatik aurrera, urratsez urrats preso guztiak etxeratzea izango da Sare Herritarraren helburua, eta lortuko dugu".

Irakurketa amaitu aurretik, abuztuaren 1ean Etxeratek euskal hondartzetan egingo duen ekimenetan parte hartzeko deia luzatu diete manifestazioan parte hartu duten herritarrei. Abuztuaren lehen egunean, azpeitiarrak  Zarauzko musika plazan 12:00etan elkartuko direla jakinarazi dute. Era berean, gogorarazi dute oraindik ere posible dela udako irteeretan 'Izan Bidea' erronkara kilometroak gehitzea, argazkiak ateratzea eta Azpeitiko Sare dinamikari bidaltzea.