Urola Turismoaren irudia eta webgunea berritu dituzte

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 23a, 16:05
Webgune berriko sarrerako irudi bat.

"Urola bailarak eskaintzen dituen koloreetan eta ezaugarrietan" oinarrituta aukeratu dute logo berria. Webgunean, berriz, bailarako kultura eta natura nabarmendu dituzte, baita bailararen euskararen arnasgune izaera ere; izena eta helbidea ere "euskaldundu" egin dituzte, eta URLa aldatu.

Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Zestoa eta Zumaiako turismo eskaintza batzen duen Urola Turismoaren irudia eta webgunea (urolaturismoa.eus) berritu egin dituzte. "Gaur egungo turismo eskaerara" egokitu nahi izan du Urola Turismoak, Iraurgi Berritzen garapen agentziak azaldu duenez.

"Urola bailarak eskaintzen dituen koloreetan eta ezaugarrietan" oinarrituta aukeratu dute logo berria, "basoen, zelaien eta uraren koloreetan, alegia, bertara hurbiltzen diren bisitariek aurkituko dutenaren lehen sentipena irudikatuz".

Webguneari dagokionez, bailarako kultura eta natura nabarmendu dituzte, baita bailararen euskararen arnasgune izaera ere; izena eta helbidea ere "euskaldundu" egin dituzte, eta URLa aldatu. Urola bailararen "eskaintza turistikoa bere osotasunean" erakustea da webgunearen helburua, "sartu orduko bailarak eskaintzen dituen eskaintza turistiko ezberdinak ikusteko aukera emanez". Eskaintza horren barruan, "bailararen ikur" den Loiola da "proposamen bereizgarria". Plan antolatzaile "berritzailea" eta ostalaritza eskaintza dira webgunearen beste eduki nagusiak. Informazioa lau hizkuntzatan eskuratzeko aukera ematen du Urola Turismoaren webgune berrituak –euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez–, eta hizkuntza horietan idatzitako bailarako turismo gidak jaisteko aukera ere ematen du webguneak.