Koronabirusa Azpeitian

Astebetean 49 positibo zenbatuta, 500eko langa gainditu du Azpeitiko intzidentzia tasak

Anartz Izagirre eta Ihintza Elustondo 2021ko uzt. 23a, 12:39

Atzo hamabost positibo zenbatu zituzten Azpeitian. Aste osoan, 49 kasu baieztatu dituzte guztira, joan zen astean baino hogei gehiago. Gaur-gaurkoz, 512,48koa da herriko intzidentzia tasa, duela astebete baino 200 puntu altuagoa. Eremu gorrian dago Azpeitia.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, egoerak okerrera egin du Azpeitian: izan ere, hamabost positibo atzeman zituzten atzo. Azken zazpi egunetan, 49 kasu zenbatu dituzte guztira; hain zuzen ere, joan zen astean baino hogei gehiago –29 zenbatu zituzten orduan–. Positibo kopuruak ugaritu diren hein berean egin du gora hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak: gaur-gaurkoz, 512,48koa da zifra hori, eta eremu gorrian dago Azpeitia. Gorakada nabarmena izan da azken bi asteetan: duela astebete, 308,80koa zen intzidentzia tasa eta eremu laranjan zegoen herria, eta duela bi aste, 210,25ekoa zen tasa hori –eremu horian zegoen herria–. Maiatzaz geroztik ez zuen 500eko langa gainditu Azpeitiko intzidentzia tasak.

Urola Kostako herrietan ere egoerak okerrera egin duela baieztatzen dute datuek. Guztira, 73 positibo zenbatu zituzten atzo eskualdean, eta 5.000 biztanletik gorako herri guztiek eremu gorrian jarraitzen dute. Horren ondorioz, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasek ere goranzko joera dute herri gehienetan.

Zarautzen hauteman dituzte kasu gehien: 21. Eskualdeko herririk handienean etenik gabe goraka jarraitzen du intzidentzia tasak, eta une honetan, 818,09koa da. Hala eta guztiz, Zumaia da herri guztietatik okerren dagoena. Hamalau kasu berri izan dira han, eta intzidentzia tasa 1.383,94ra igo da. Horrenbestez, Urola Kostako herri guztietatik tasarik altuena duen herria da Zumaia, eta oraindik ere ez dute goia jo kurbak. Azkoitian ere egoera txarrean jarraitzen dute; hamabi kasu berri hautemanda goraka jarraitzen du intzidentzia tasak, eta gaur-gaurkoz 1.143,29koa da.

Orion, bestalde, sei positibo berri izan dira, eta gero eta gertuago dute milako langa; uneotan, 831,70 da tasa. Horrez gain, Getarian eta Zestoan bina kasu zenbatu dituzte, eta 742,05 eta 487,93 dira hurrenez hurren bi herri horietako tasak. Aian, berriz, positibo bat atzeman dute, eta 403,02 da tasa. Aizarnazabal, Beizama eta Errezil dira kasu berririk gabeko herri bakarrak.

Ospitaleetako presioak gora

Hego Euskal Herrian ere oraindik ez du goia jo positiboen kurbak, eta atzo egindako 15.659 PCR eta antigeno probetatik, 2.216 izan ziren emaitza positiboa izan zutenak lau lurraldeetan. Kasu gehien Bizkaian izan dira (966), eta ondoren, Gipuzkoan (564), Nafarroan (447) eta Araban (197). Positibotasun tasak ere oso altua izaten jarraitzen du; %14,1ekoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %14,5ekoa Nafarroan.

Ospitaleeetako presioak ere apurka-apurka gora egiten jarraitzen du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 229 dira ospitaleetan dauden eriak, eta horietatik 50 daude ZIUetan. Nafarroan, aldiz, 79 pertsona daude ospitaleratuta, eta hamalau dira ZIUetan daudenak.