Datozen egunetan prebentzio neurriak betetzeko eskatu diete herritarrei Alde Zaharreko tabernariek eta udalak

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 23a, 10:27
Alde Zaharreko tabernarietako batzuk eta udaleko ordezkariak. (Azpeitiko Udala)

Bi aldeek bilerak egin dituzte datozen egunei begira, eta prebentzio neurriak betetzearen beharra azpimarratu dute. Ostalariek neurriak "zorrotz" betearazteko konpromisoa hartu dutela azaldu du udalak, baita erakundeak baliabide publikoak indartuko dituela ere.

Datozen egunetan eta asteetan santioak eta saninazioak ospatuko ziratekeen egoera normal batean, baina bigarren urtez jarraian, festak bertan behera uztea erabaki zuten udalak eta hainbat eragilek. Datozen egunei begira, ordea, hainbat bilera egin dituzte Alde Zaharreko tabernariek eta udalak, eta prebentzio neurriak ondo betetzearen "beharra eta garrantzia" azpimarratu dituzte bi aldeek, "Azpeitiko egoera gehiago okertu ez dadin".

Neurri horiek errespetatzeko, "elkarlanean" aritzea adostu dute; ildo horretatik, ostalariek beren negozioetan neurriak "zorrotz" betearazteko konpromisoa hartu dutela dio udalak, eta erakundeak baliabide publikoak indartuko dituela "osasun protokoloak bete daitezen". Udaltzaingoa arituko da ostalariei laguntza eskaintzen.

Bi aldeek gogoratu dute "guztion betebeharra" izango dela arauak errespetatzea, eta "ezinbestekoa" izango dela maskara jantzita eramatea eta jan-edanerako soilik kentzea. Horrez gain, ezingo da zutik kontsumitu eta terrazan nahiz taberna barruan eserita eta gehienez ere seiko taldeetan egon ahalko da. Bestalde, inguruko herritarrei eta kanpotarrei Azpeitira ez etortzeko deia egin diete; azpeitiarrei, berriz, herritik kanpoko lagunekin eta senideekin "festarako ohiko planik eta gonbidapenik" ez egiteko eskatu diete.

Kutsatuek, gora

Bestalde, udalak gogorarazi du Azpeitian gora egin duela koronabirusaz kutsatutako herritarren kopuruak, eta prebentzio neurriak betetzen ez direnean gaitzaren hedapenerako arriskua "areagotu" egiten dela dio. Egoera horren aurrean, udalak eta tabernariek gogorarazi dute ez dagoela "festarako baldintzarik", eta herritarrei eskatu diete jende pilaketak saihesteko nahiz lanean ari direnei "egitekoa errazteko".