Amaia Arantzabal: "Bere neurriko gatz puntua topatu behar du bakoitzak; mendia da nirea"

Onintza Lete Arrieta 2021ko uzt. 24a, 10:49

Mundu guztiko mendi askotan ibilia da Amaia Arantzabal bergararra, eta zortzimilakoa ere badu curriculumean; Euskal Herriko lehen emakumea izan zen, gainera, halakorik lortzen. Gipuzkoako Hitzak argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

Azpeititik Errezilerako errepide nagusia atzean utzi eta pistan behetik gora bide luzea egin behar da Amaia Arantzabalen (Bergara, 1963) etxera iristeko. Ikusgarria da paisaia handik, naturaz eta mendiz inguratuta baitago guztia; are ikusgarriagoa da uda sasoiko egun eguzkitsu batean. Argi dago ez dela kasualitatez bizi han. Mendia izan du lagun haurra zenetik, mendiak elkartu zituen senarra eta biak, eta mendia da datorren urriaren 3an Zumaiako Flysch Trail lasterketan aitortza jasotzearen arrazoia. Josu Bereziartua senarra eta biak omenduko dituzte, eta solasaldian ere sarri aipatu du laguna, miresmen handiz.

Mendia pauso batera duzue hemen.

Bai, pentsatu gabeko mendi buelta bat baldin bada, Gazume berehala dugu hemendik. Sarri joaten gara. Egia esan, azken urte eta erdi honetan asko aldatu ditugu ohiturak. Eguneko mendi buelta azkar hori egiteko, nahiago izaten nuen Erlora edo Xoxotera joan, beste grazia bat duelako. Baina konfinamenduan etxean errenditzen hasi, eta orain ohitura hartu dugu autoko joan-etorri hori egin gabe zuzenean Gazume aldera joateko.

Wikipedian zure lorpenik garrantzitsuenak ageri dira. Bizipen eta esperientzia ugari egongo da horien atzean, ezta?

Zortzimilako gailur batek borobiltzen du norbaiten curriculuma, eta halakoa da Cho Oyu [8.201 metro]. Badirudi hor hasten eta amaitzen dela nire ibilbidea, baina asko ibili beharra dago zortzimilako mendi batera iristeko; nik hala egin nuen, behintzat.

Nola gogoratzen duzu aurreneko harremana mendiarekin?

Gurasoekin betidanik eduki izan dugu mendirako ohitura, eta herriko mendi taldean ere txikitatik ibili ginen, Bergarako Pol-Pol taldean. Garai hartan mendi talde guztiek edukitzen zituzten umeen taldea, gazteena eta helduena. Herrietako mendi taldeak indar betean zeuden orduan. Pentsa, Bergaratik joan izan gara bost autobus umez beteta Gorbeara, egun-pasa. Gogoan dut igandeetan, mendi buelta egin eta autobusean herrira sartzerakoan, leihoak ireki eta Pol-Polen ereserkia abesten genuela eztarriak urratu beharrean. Hor hazi naiz ni, giro horretan.

Noiz ekin zenion mendian serioago ibiltzeari?

Gaztetxotan, beti Pol-Polen barruan, gu baino helduagoak zirenekin Pirinioetara joaten hasi ginen mendirako afizio handiagoa genuen lagunak. Batez ere, udan joaten ginen: gure plana egin, zeharkaldia antolatu, eta, gero, ahal zen moduan, autobusez, auto-stopean… Horrela ibili ginen. Beste estilo bateko gauzak egiten hasi nintzen Josu nire bikotekidea ezagutu nuenean. Josu-eta beste maila batean zebiltzan Azpeitian, eta pixkanaka haiekin hasi nintzen eskalatzen, haitzean, Pirinioetan zailagoak ziren ibilbide batzuk eginez… Gauzak modu naturalean pasatzen dira: ibili ahala gustura sentitzen zara, bata bestearen atzetik asmo berriak sortzen dira, eta poliki-poliki joaten zara pixka bat mendi altuagoetara, ibilbide zailagoetara…

Eta, horrela, zortzimilakoen gailurretaraino…

Pirinioen ondoren, Alpeak ezagutu nituen, eta hor altuera pixka bat hartzen hasten zara, 4.000 metroren bueltan daude-eta gailur horiek. Andeetan ibili nintzen gero, zazpimilakoetan. Altueran ondo moldatzen nintzela ikusi nuen, eta jarraitzeko gogotsu sentitu nuen neure burua. Horren ondoren etorri zen jauzia, Indian, zazpimilako mendi bat egin genuenean. Aukeratu genuen ibilbidea ez zen errazena, malda tentea zeukan, izotzarekin… Han ere ondo ibili nintzen. Bidaia hartatik bueltan, zuzenean etxera etorri beharrean Nepalera joan ginen, Katmandura, eta Everesterako baimenarekin itzultzea lortu genuen.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.