Herriko musikari gazteek girotu dute ostegun arratsa plazan

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 22a, 20:44

Euskal doinuetan oinarritutako kontzertua eskaini dute Juan Antxieta musika eskolako txistulariek eta Banda Gazteak. Gazteen lekukoa hartzekoa zen Udal Musika Bandak, aldiz, bertan behera utzi behar izan du iluntzean ematekoa zuen kontzertua.

Soinu banda berezia izan du gaur azpeitiar askoren ostegun arratseroko plazako hitzorduak. Plazako terrazak beteta, Azoka Plazaren sarrerako mailan kokatu dira Juan Antxieta musika eskolako txistulariak eta Banda Gaztekoak, elkarrekin prestatu duten kontzertua emateko. Azpeitia bizi uztaileko programazioaren barruan aritu dira herriko musikari gazteak, Alain Sorazuren eta Unai Frantsesenaren gidaritzapean.

Euskal doinuetan oinarritutako kontzertua eskaini dute txistulariek eta Banda Gaztekoek: Beti eskamak kentzen, Euskal musikaren gorespena, Kontrapas, Lantzeko inauteria, Maritxu eta Xalbadorren heriotzean dira eskaini dituzten piezetako batzuk.

Pasodoblerik ez

Azpeitia bizi egitasmoaren azkenaurreko jardunaldia da gaurkoa, eta berez bi kontzertu egitekoak ziren plazan. Gazteen lekukoa hartzekoa zen Udal Musika Bandak, ordea, bertan behera utzi behar izan du iluntzean ematekoa zuen pasodobleen kontzertua.

Bihar, Broken Brothers Brass Band taldeak Sanagustinen emango duen kontzertuarekin bukatuko dira uztaileko kultur eta aisia eskaintzaren hitzorduak. Doakoa eta irekia izango da biharko kontzertua, Sanagustin kulturgunearen 10. urteurrenaren ospakizunak direla eta.