Burumakur egotetik berpiztera

Ihintza Elustondo 2021ko uzt. 23a, 10:51
Asier Oiartzabal eta Julen Lopetegi.

Bi azpeitiar sailkatu dira Munduko Ironman 70.3 Txapelketara: Asier Oiartzabal eta Julen Lopetegi. Lesioekin izan dituzten gorabeherak gainditu eta "berpiztuta" datoz bi triatletak. Irailaren 18an lehiatuko dira, Utahn (AEB).

Ezin jakin kasualitatea den ala ez, baina deigarria, behintzat, bada: bi azpeitiar sailkatu dira irailaren 18an Utahn (AEB) jokatuko den Munduko Ironman 70.3 Txapelketara. Halako probetan zaildutako beteranoa da bata, Asier Oiartzabal (Azpeitia, 1973), eta hasiberriagoa bestea, Julen Lopetegi (Azpeitia, 1996). Biek ala biek denboraldi zaila igaro dute lesioak tarteko, eta pozik hartu dute albistea; bizirik dauden seinale da munduko txapelketara sailkatu izana.

Lopetegik Les Sables d'Olonnen (Frantzia) lortu zuen mundialerako txartela; hirugarren sailkatu zen 25 eta 29 urte artekoen mailan, eta hamazazpigarren sailkapen orokorrean. Oiartzabalek, berriz, Andorran lortu zuen mundialera sailkatzea; zazpigarren egin zuen 45 eta 50 urte artekoen mailan. Zenbait ironman 70.3 lasterketak munduko txapelketara sailkatzeko aukera ematen dute –tartean Les Sables d'Olonnenekoak eta Andorrakoak–; proba horietan plaza batzuk soilik gordetzen dituzte antolatzaileek adin tarte bakoitzeko, eta beren mailan aurreko postuetan ibili direlako –eta beraz, plaza horiek eskuratu dituztelako– lortu dute bi azpeitiarrek Utahrako txartela.

70.3 modalitatean lehiatuko dira bi kirolariak Utahn; hau da, ironman erdia egin beharko dute. Zehazki, honako hauek izango dira egin beharreko lanak: 1,9 kilometro igerian, 90 bizikletaz eta 21 korrika. Duela bi urte, Nizan (Frantzia) jokatu zen Munduko Ironman 70.3 Txapelketa, eta orduan ere sailkatu zen hara Lopetegi. Oiartzabal, berriz, hogei ironman egindakoa da, baita Munduko Ironman Txapelketa jokatutakoa ere, Hawaiin. Beraz, biek ala biek dute eskarmentua halako probetan, eta esperientzia patrikan hartuta joango dira AEBetara. 

Bide zaila

Mundialera sailkatu izana berri pozgarria den arren, horraino iritsi arteko bidea ez da samurra izan bi kirolarientzat. Hala azaldu du Oiartzabalek: "Denbora luzez egon gara biok min hartuta. Elkarri begiratu eta pena ematen genuen. Oraintxe da ondo gauden momentua". Oiartzabal, esaterako, hiru urtez egon da sasoia ezin berreskuratuta, "etsipenak jota". "Lehen, sekula ez nintzen lesionatzen, baina 45 urte bete nituen, Floridan oso lasterketa ona egin nuen, eta hortik aurrera, ezin nuen lehiatu. Min hartuta eta ezin errekuperatuta ibili naiz ordutik. Hala nenbilela, duela pare bat hilabete, zera esan zidan emazteak: 'Zertan ari zara? Lesionatu egiten zara, eta ahaztu ja lehengo entrenamenduekin, lehengo mailarekin, eta aldatu txipa. Lasterketak bukatzera joan eta gutxiago entrenatu'. Askotan ez diot kasu egiten, baina orduan egin nion".

Proba amaitzeko helburuarekin joan zen Andorrara, eta ondo atera zitzaion. "Ez nuen espero mundialera sailkatzea", dio. "Pentsa, bizikletaren zatia amaitu eta korrika hasterakoan, arropa aldatu ohi dugu, eta minutu bat-minutu eta erdi eman ohi dugu horretan. Nik egun hartan bost minutu pasatu nituen arropa aldatzen, ez nuelako espero sailkatzerik". Denbora igaro ahala, ordea, esperantza piztuz joan zitzaion. "Ikusi nuen jende askok ez ninduela aurreratzen eta aguantatzen ari nintzela". Eta halaxe, espero baino proba hobea egin eta mundialera sailkatu da, batere espero gabe. Ikusitakoak ikusita, erabaki du: aurrerantzean emazteari kasu egingo dio. "Hemendik aurrera, probak amaitzera joango naiz".

Lopetegik ere antzeko egoera bizi izan du azkenaldian: "Triatloian praktikatzen ditugun hiru kiroletatik, korrika egitea gustatzen zait gehiena niri, baina korrika asko eginez gero, lesionatu egiten naiz. Nahiz eta gehiena hori gustatu, ez da ondoen moldatzen naizen kirola. Belaunetan, hanketan... izaten ditut lesioak, batez ere". Gorabeherak gorabehera, korrika gutxiago eginez eta zintan entrenatuz, lortu du sasoia berreskuratzea. Bai lortu ere: ekainean, Madrilgo Buitrago de Lozoya herrian jokatu zen Ecotrimad proba irabazi zuen, distantzia olinpikoan.

Utahra begira

Irailaren 18ra arte badute denbora, eta dagoeneko ari dira Utahrako prestatzen. "Egia esan, gu ez gara asko gelditzen", dio Lopetegik. Beste ironman erdi bat egin zuen Oiartzabalek joan zen astean Zaragozan (Espainia), eta Lopetegik datorren astean egingo du Navalenon (Espainia). Behin proba horiek eginda, entrenatzera bideratuko dituzte indarrak biek.

Utahra begira, zer helburu dituzte, ordea? Oiartzabalek argi dio: "Nik uste nuen ja jubilatuta nengoela. Lehen, urtero ironmana egiten nuen, ironman erdi dezente ere egin ditut... Baina aurten federatu ere ez naiz egin, ez neukan beste halako proba bat egingo nuen esperantzarik. Azken hiru urteetan zortzi aldiz-edo lesionatu naiz leku beretik. Horregatik, niretzako, berriz jaiotzea bezala izan da munduko txapelketara sailkatzea. Ia 50 urte ditut, hiru urte ezinean pasatu ditut, eta hala ere, hemen nago. Egia esan, egoskor samarra naiz. Hemendik aurrera, urtean horrelakotxe bat egitea lortzen badut konforme; sasoian eta bizirik sentitzea da nahi dudana". Behin mundialerako txartela eskuratuta, ahalik eta lasterketa onena egiten saiatuko da: "Neure burua ezagutzen dut, eta bizikleta saio on bat egiten eta korrika ez gelditzen saiatuko naiz; lasterkako proban, 4:30 erritmoa hartu eta aguantatzea izango da nire nahia". 

Lopetegik, bestalde, duela bi urteko munduko txapelketan lortutakoa hobetzea nahiko luke. Bere kategorian, hogeigarren postuan sailkatu zen Nizan. "Gustatuko litzaidake hogeigarren postu hori hobetzea. Guk beti nahi izaten dugu markak hobetzea, baina zaila izango da, kirolari erdiprofesional asko joango dira Utahra eta maila ona egongo baita".

Bolada batez nahiko burumakur ibili diren arren, berreskuratu dute irribarrea bi triatletek. Ez dakite helburuak lortuko dituzten edo ez, baina gauza bat behintzat, ziurtatuta dute: ironmanaren aitzakian oporraldi ederra pasatuko dute Utahn. Oiartzabalek, gainera, bidelagun bat izango du berpiztuerako lasterketan: "Kuadrillako bat hil da duela gutxi, Santxo, eta Andorrako lasterketa berari eskaini nahi nion: banderola bat ateratzea nahi nuen, baina ahaztu egin zitzaidan hartzea". Horixe izango da Utahrako maletan sartzea inolaz ere ahaztu ezingo duena. "Han aterako dut banderola".